Atzoko bi urreen ondotik bertze lau dominen borrokan lehiatuko da gaur Beti Gazte munduko sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 9a, 07:00

Beti Gazteko tiralariak, kontent mundialeko lehen jardunaldi historikoaren ondotik. Emakumeek lehen aldiz lortu dute urrezko domina eta gizonek seigarrena dute, lehenbiziko lortu zutenetik 25 urte bete direnean.

Klub arteko txapelketan gizonezkoak 640 kilotan eta emakumean 540 kilotan lehiatuko dira goizean eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa eta mistoa jokatuko dituzte arratsaldean

Lesakako Beti Gazte sokatira taldearentzat ezin hobe hasi da Helsingborgen (Suedia) munduko txapelketa. Atzoko lehen jardunaldia urrezko domina lortu zuten historian lehen aldiz Beti Gazteko emakumeek, 500 kiloko kategorian eta gizonezkoen 600 kilotan ere munduko txapeldun izan ziren. Beti Gazteko gizonezkoek mundialean irabazi duten seigarren domina izan zen, lehenbizikoa Carlowen (Irlanda) irabazi zutenetik 25 urte bete direnean. Izugarrizko lorpenak dira, baina gaur segida izanen du munduko klub arteko txapelketak eta, lesakarren sasoia ikusita, bertze lau dominen bueltan ibiliko direla garbi dago. Bihar eta etzi nazioarteko txapelketan lehiatzeko aukera izanen dute Beti Gaztekoek Basque Country ordezkatuz, Euskal Herriko txapelketa guztiak irabazi baitituzte aurten, hau ere historian lehen aldiz. Munduko sokatira txapelketa zuzenean ikusteko aukera duzue, erran.eus webgunean, TWIFen seinalearen bidez.

Otsailaren 9ko jardunaldian, ortziralean, goizez emakumeen 540 kiloko eta gizonezkoen 640 kiloko kategoriatan lehiatuko da Beti Gazte, eta arratsaldean gizonezkoen 560 kilokoan era txapelketa mistoan. Beraz, bertze lau domina lortzeko borrokan murgilduko dira lesakarrak.

Beti Gazte 600 kiloko munduko txapeldun, Country Club (Ipar Irlanda) eta Da Ben Niu (Txina Taipei) podiumean lagun dituela.


Asteburuan, berriz, Basque Country ordezkatuko dute Beti Gazteko tiralariek. Larunbatean, goizean, emakumeen 500 kiloko kategorian eta arratsaldean gizonezkoen 600 kilokoan. Igandean, berriz, goizean gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko kategorietan eta arratsaldean gizonezkoen 560 kiloko kategorian eta txapelketa mistoan.

Beti Gazteko gizonezkoek seigarren urrea lortu dute mundialean, lehenbizikoa lortu zutenetik 25 urte bete direnean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun