Umetan hasi zen mozorrotzen, gaztetan hartu zuen erreleboa kuadrillarekin, orain ama bezala… Inauteriak bizitzeko modua aldatzen joan da urterik urte. Izaskunek dioen bezala, «dudarik ez dago ama izatearekin batera besta egiteko aukerak aldatzen direla, baina gogoek berdin jarraitzen dute».
Hainbat mozorro
Urtez urte hainbat disfrazekin atera da eta hainbat karroza egin ditu… Berak prestatutako eta egindako mozorroetatik edo karrozetatik batekin gelditzea zail egiten zaio, baina «gustukoen eraman dudan jantzia mariatxiarena izan da... Rantxerak aunitz gustatzen zaizkit eta papera ederki ikasi nuen urte hartan». Baina bertze hainbat ere gogoan ditu lesakarrak: «Mozorro dezente izan ditut, sevillanaz, indioz, bakeroz, poliziaz, ijito ezkontzaz... zerrenda luze xamarra egin dezaket», gogoratzen du irri artean
Etxeko ganbaratik edo garajetik trapu edo jantzi zaharren batzuk hartu eta mozorroa egin edo nonbait disfrazak erosi eta mozorrotu. Hori ere erabaki beharreko kontua izaten da inauterietan eta, lesakar gehienak bezala, bi aukerak probatuak ditu Martinezek: «Berrerabiltzeko trapuak baldin baditut horiexek aprobetxatzen saiatzen naiz, edo urte batetik bertzerako mozorroak baliatu, gauzak aldatuz edota moldatuz… Bertze batzuetan erosi ere izan ditut, denetatik egin dut», onartzen du.
Eta denbora aunitz lehenagotik pentsatzen duzu mozorroa edo azken orduan ttirriki-ttarraka ibiltzen direnetakoa zara? Galdera horrek ere erantzun zabala du lesakarraren kasuan, baina urtetako esperientziak eskarmentua ere eman omen dio: «Kasu honetan ere denetik egin izan dut. Azken urteotan fundamentu gehiagorekin nagoela dirudi. Denboraz dena prest izan ohi dut, baina badira bezperan prestatu ditudan mozorroak ere».
Bi semeren ama, orain etxeko ttikien mozorroak ere pentsatu eta prestatu beharra dauka, baina hori lana baino gehiago gozamena da beretzat: «Haurrekin mozorrotzea gozamena da, beraientzat ere egun berezia da eta egun polita pasatzen dugu elkarrekin astelehenean, karrozen egunean, baina egia da lehenagotik lan potentea izaten dela».
Martinezek garbi dauka zer behar den inauteriak ongi pasatzeko, eta ez da zerrenda luzea: «Gogoa eta konpainia ona, horrekin nahikoa izaten da besta on bat egiteko».
Zakuzaharrak jostearen hunkidura
Lesakar peto-petoa eta inauteri zalea izan arren, Izaskun Martinezek ez du inoiz zakuzahar ateratzeko urratsa eman: «Ez , ez naiz inoiz zakuzahar atera. Beti izan dut ateratzeko ilusio handia, baina ausardi faltaregatik ez dut ametsa bete... Beldurra ematen didate ibilbideko moltzokoek, erorketek, ibilbideari ez eusteak...». Horren ordez, zakuzaharrak ateratzeko behar beharrezkoa den bertze lan batean aritzen da Izaskun gogotsu: «Josten aritzen naiz bai, hainbertze zakuzahar, hotza… azkenean behatzek minbera bukatzen dute... baina, badakizu, gaztelaniaz erraten den bezala, costurera sin dedal, cose poco y mal... Baina momentu hagitz politak izaten dira, niretzako hunkigarriak...».
«Zakuzaharrak josteko uneak hunkigarriak dira niretzat»
Inauteriak edo sanferminak aukeratzeko galdetuta, «ezin dut bihotza erdibitu, biekin gelditzen naiz» erantzun digu lesakarrak.
Bukatzeko, deialdi berezia egin nahi izan du: «Parranda errespetuz egitea da nere desiorik handiena eta eraso sexistarik gabeko besta egiteko deia hemendik zabaldu nahi dut».