Berako Udalak Kanttonberriko lanak aurkeztu ditu herritarren aitzinean

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 12a, 19:15

Herritarren interesa piztu du bilerak. Ortzeguneko bileran 50 lagun inguru elkartu ziren

Martxoan hasita, Kanttonberriko eremua erabat berriztatzeko lanak hasi nahi ditu Berako Udalak. Bertako lanak aurkezteko bilerak egin dituzte asteazkenean eta ortzegunean merkatarientzat eta herritarrentzat.

Asteazkenean Kanttonberriko merkatarien aitzinean aurkeztu zituzten lanak, eta atzo, berriz herritarren aitzinean. 50 lagun inguru elkartu ziren Esteban Agirre zinegotziaren eta Aitor Elexpuru alkatearen azalpenak aditzeko, eta nabarmena izan zen herritarren interesa.

Kanttonberrin, alde batetik ur sarea berritzeko lanak eginen dituzte, eta horrekin batera zoladura erabat berrituko dute egungo araudira egokitzeko. Gune horren urbanizazioa eta trafikoa berrantolatuko dituzte, gune hori oinezkoentzako ahalik eta segurtasun handienaz hornitzeko.

Udaleko ordezkariek lanen inguruko azalpenak eman zituzten planoak erakutsiz, eta ondotik, herritarrek zalantzak eta proposamenak egiteko aukera izan zuten. Parte hartze handia izan zen, eta udaleko kideak «gustura» gelditu ziren bi egunetan izandako parte hartzearekin. Lanak martxoan hastea aurreikusi dute, eta guttienez hiru hilabeteko lanak izanen direla aurreratu dute.

Kanttonberriko proiektuaz  gain, aurtengo urte bukaeran eta heldu den urtean egin asmo dituzte bertze bi proiektu ere aurkeztu zituzten:

Eztegara eta Matzada arteko lotunea

Kanttonberriko eremuko lanak bukatuta, Eztegara eta Matzada arteko lotura egitea izanen da hurrengo lana.   Bide berri bat eginen dute Eztegarako biribilgunetik abiatuta, Matzadako bidearekin lotu arte, Sastrako errekaren gainetik. Lotura horren bidez, Altzateko eta Illekuetako trafikoa arindu nahi dute, Matzadako eremu osoa herrigunera hurbilduz. Proiektua dagoeneko idatzia dago, eta urte honen bigarren seihilekoan gauzatzea da asmoa. 

Lur azpiko sareak berritzea Eztegaratik Altzateko plazaraino eta inguruan zoladura berria jartzea

Eztegaran Mukixu zubitik hasi eta oraingo karrikak altxatu eta sare guztiak berrituko dituzte: ur-hornidura, elektrizitatea, telefonia, euri urak eta ur beltzak. Bigarren fasean, zoladura osoa berrituko dute, eremuaren urbanizazioa egungo kode tekniko estandarretara egokituz. Lan horiek 2025ean gauzatzea da asmoa, baina, oraindik proiektua idazteko fasean daude.

Hiru proiektuen inguruko txostena prestatu dute eta hemen lortu daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun