Berako Kanttonberri karrikan eginen dituzten lanak aurkeztuko ditu Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 5a, 18:00

Kanttonberri karrikako lanak aurkeztuko dituzte heldu den asteazkenean eta ortzegunean Beran

Aurten eta heldu den urtean herrigunea nabarmen eraldatuko duten hiru lan eginen ditu Berako Udalak: Kanttonberrin lurpeko sareak berritzea eta inguruko zoladura berria jartzea, Eztegara eta Matzada arteko hiri-lotura egitea Labiaga ikastolaren parean Sastrako errekaren gainean zubia eraikiz eta lur azpiko sareak berritzea Eztegaratik Altzateko plazaraino eta inguruan zoladura berria jartzea.

Lan horietan eginen duten lehena Kanttonberriko eremukoa izanen da, eta bertan eginen dutena herritarrei aurkezteko bi bilera deitu dituzte heldu den asterako. Asteazkenean, hilaren 10ean, inguruko merkatariei aurkeztuko diete proiektua 20:00etan Beralandetan. Biharamunean, aldiz, herritar guztiei zabaldutako deialdia egin dute. 19:30ean bilduko dira Beralandetan.

Proiektuaren nondik norakoak

Kanttonberriko ur horniduraren sarea egin zenetik 60 pasatu dira eta orain egoera txarrean dago. Azken urteotan, hainbat lan egin behar izan dituzte ur-ihesak konpontzeko eta, gainera, euri-uren eta ur beltzen sareak ez dira bereiztuta biltzen, eta, horren ondorioz, euri bizietan ur beltzen kolektorea betetzen da. Orain ur-horniduraren sare berria instalatuko dute eta euri-uren eta ur beltzen sareak bereiziko dituzte.

Sareak berritzearekin batera, zoladura erabat berrituko dute, eta, egungo araudira egokitzeko, bertako trafikoa berrantolatuko dute, gune hori oinezkoentzako ahalik eta segurtasun handiena izateko prestatuz. Karrikak duen zabaleragatik ezinezkoa da karrikaren bi aldeetan oinezkoentzako espaloi egokiak egitea, eta, gainera, bi noranzkoetan ibiltzeko bi errei egitea. Horregatik, hirigintzako teknikariek aurkeztu duten irtenbidea izan da Kantonberriko zatian Legiatik Eztegara alderako noranzko bakarrarekin uztea. Horrela eginez gero, espaloi zabalagoak izanen dira saltokien artean ibiltzeko, eta, oinezkoentzako erdigune bat sortuko dute.

Zirkulazioa ordenatzeko, bide berri batetik sartuko dira ibilgailuak auzoan. Bide berri hori Kanttonberri karrikako 1, 3 eta 5 zenbakiko blokeen ekialdeko fatxada aldean sortuko da, zubitik eskuinera sartuz, Laboral Kutxako bulegoaren gibeleko aldetik. Bide berri horrek 3 metrotik gorako zabalera izanen du. Bide berria Legia karrikara aterako da eta han ezkerrera biratuz Legia karrikatik Foruen Plaza aldera segitzeko edo Kanttonberrira sartu ahal izateko.

Laboral Kutxaren parean eskuinera hartuta , Kanttonberri 1, 3 eta 5 etxeen gibelean, bide berri bat egin dute.

Gainera, Osasun Kontsultategiaren parean Legiatik zahar etxera doan karrika irekiko dute Eztegara aldera zubitik ateratzeko. Horrela, kontsultategira autoz joan behar duten pertsonak Eztegarara atera ahal izanen dira Legiatik buelta osoa eman gabe.

Orain arte oinezkoentzako zen karrika hau trafikora irekiko dute.

Horrez gain, bertze urrats bat emanen dute Kanttonberriko erdi-peatonalizazioan, eta tarte handiagoa emanen zaie karrika lasaitasun handiagoz ibili ahal izanen diren oinezkoei. Horrela, bankuak, zuhaixkak eta lorategiak jartzeko gune bat sortuko dute 8 eta 10 atarien aitzineko plazatxoan. Plaza horretan lorategi-gune bat eta atsedenerako bankuak paratuko dituzte, baina, zerbitzu medikoak eta larrialdietakoak atarietara sartu ahal izatea bermatuko dute.

Aparkalekuak nola geldituko diren

Antolamendu berri horrek inguruko aparkalekuei eraginen die, eta sakon aztertu dute gai hori, egoiliarren eta inguruko denda eta establezimenduetako bezeroen aparkalekuari kalterik ez eragiteko. Aparkalekuen proposamen berria honako hau izango da:

  • Kanttonberrin denbora mugatuko 13 aparkaleku ezarriko dituzte ordubetekoak (gaur egun 10 daude).  Horietako 10 baterian aparkatzeko izanen da, 2, 4 eta 6 atarien aitzineko plazan, eta 3 galbahean, 3. atariaren aitzinean. Egungo denbora mugatuko plazak handituko dira, eta nornahik aparkatu ahal izanen du baimendutako denbora mugaren barrenean. Aparkaleku horien kontrol sistema modernizatuko dute, orain dendetan biltzen diren ordutegi-diskoak alde batera utzita, eta, horren ordez, aparkalekuen kontrol automatikoko pibote berriak instalatuko dituzte.  Sistema horrekin argi berde batekin seinaleztatuko da aparkalekua erabilgarri dagoela, eta aparkatu bezain laster baimendutako denboraren atzerako kontaketa hasiko da. Ordua gainditzen denean, argia gorriz jarriko da, eta, gainera, zenbat denbora igaro den adieraziko da. Horrek agerian utziko du aparkatzeko denbora gainditu dela eta ibilgailuari isuna jar dakiokeela.
  • 1, 3 eta 5 etxebizitzen ekialdeko fatxadako bide berrian 11 lineako aparkaleku sortuko dituzte, eta egoiliarrentzat izanen dira, bineta berdea duten herritarrek aparkatzen ahalko dute bertan, beraz.  Horrekin batera, Legian dauden lau plaza urdinak berde bihurtuko dira. Egoiliarren plaza kopuru handi bat galduko dute, egungo 34etatik 15etara igaroko baitira, eta beraz, 19 plaza gutxiago izanen dira egoiliarrentzat (berdeak), baina denbora mugatuko plazak (urdinak) gehitu eginen dira. Plaza berdeen gabezia Toki Onako aparkalekuan konpentsatuko dute, Kanttonberritik metro gutxira. Bertan, Kanttonberrin galtzen direnen kopuru bera edo handiagoa gaituko dute egoiliarrentzat.

Toki Onako aparkalekuan egoiliarrentzako plaza gehiago paratuko dituzte.

  • Toki Onako plaza libreen galera Matzadako aparkalekuak konpentsatuko du. Aparkaleku horrek 50 plaza libre baino gehiago ditu, eta gaur egun gutxi erabiltzen dira, eremu horretara iristea zaila delako. Eremu horretan plaza kopurua handituko dute, eta, horrez gain, autokarabanendako plaza batzuk egokituko dituzte, garbiketa puntu bat barne. Heldu den urtean egin asmo duten Eztegara eta Matzada arteko lotunea eraikita,  aparkaleku horiek Toki Onako eremura hurbilduko dituzte nabarmen. Plaza horiek sarbide zuzena eta berehalakoa izanen dute, eta erdiguneko edozein tokitik (Altzate, Mukixu eta Kanttonberri) 500 metro baino gutxiagora egonen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun