Bukatu dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako Lesakako saiorako sarrerak

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 10a, 13:30
Harriondotik pilotakera lekualdatu dute saioa, eta dagoeneko sarrera guztiak bukatu dira.

Bukatu dira azaroaren 19an Lesakan jokatuko dute Nafarroako Bertsolari Txapelketako saioko sarrerak. Harriondoan egitekoa zen hasieran, baina sarrera denak bukatu zirela eta pasa den astean frontoira lekualdatu zuten jende gehiago sartu zedin. Saiorako astebete faltan bukatu dira denak.

Sei bertsolari ariko dira azaroaren 19an Lesakan bertsotan: Joanes Ilarregi Marzol leitzarra, Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Eki Mateorena Zozaia leitzarra, Mikel Lasarte Cia eta Beñat Astiz Isasi. Gaiak jartzen Alaitz Rekondo Ferrero lesakarra ariko da.

Sarrerak bukatu badira ere, Ttipi txartela dutenen artean sarrera bikoitza zozketatuko du TTIPI-TTAPAK. Hemen parte hartu daiteke.

Gainera, bihar Agoizko Kultur Etxean jokatuko duten saiorako sarrera denak ere agortu dira. Bihar, Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol leitzarra, Idoia Granizo Uribarrena, Ekain Alegre Gil, Julen Zelaieta Iriarte beratarra eta Urko Gartzia Aleman lekaroztarra ariko dira kantuan, Maialen Belarra Eneterreagaren aginduetara.

Abenduaren 2an jokatuko dute Iruñeko Anaitasunan finala. Hiru finalaurrekoetako irabazleak, eta puntuazio altuena duten bortz bertsolariak ariko dira Iruñeko finalean. Altsasuko finalaurrekoa irabazita, Saioa Alkaiza Guallar da oraingoz sailkatu den bertsolaria. Finalerako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian erosten ahal dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun