Agoitzen jokatuko dute larunbatean Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 9a, 17:00
Agoizko Kultur Etxean izanen da saioa larunbatean 17:30ean.

Eskualdeko hiru bertsolari ariko dira kantuan Agoitzen, Xabat Illarregi Marzol leitzarra, Julen Zelaieta Iriarte beratarra eta Urko Gartzia Aleman lekaroztarra. Irabazlea zuzenean sailkatuko da finalerako.

Larunbatean, azaroaren 11n, jokatuko dute Agoizko Kultur Etxean Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa. Bertan sei bertsolari hauek ariko dira kantari: Julio Soto Ezkurdia, Xabat Ilarregi Marzol, Idoia Granizo Uribarrena, Ekain Alegre Gil, Julen Zelaieta Iriarte eta Urko Gartzia Aleman. Gaiak jartzen Maialen Belarra Eneterreaga doneztebarra ariko da.

Saioa 17:30ean hasiko da eta sarrera gutxi batzuk gelditzen dira oraindik salgai. www.bertsosarrerak.eus atarian erosi daitezke.

Saioko irabazleak zuzenean lortuko du abenduaren 2an Iruñean jokatuko den finalerako txartela, eta gainerakoek finalaurreko denak bukatu arte itxoin beharko dute puntuazioaren arabera sailkatzen diren edo ez jakiteko. Altsasuko saioa irabazita, oraingoz Saioa Alkaiza Guallar da finalerako sailkatu den bertsolari bakarra.

Azken finalaurrekoa, aldiz, Lesakan frontoian jokatuko dute abenduaren 19an 17:30ean. Saio horretarako bi sarreren zozketa antolatu du TTIPI-TTAPAk Ttipi txartela dutenen artean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun