Nafarroako Bertsolari Txapelketako Lesakako saioa Harriondotik frontoira lekualdatu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 6a, 14:30

Joan den aste hasieran bukatu ziren saiorako sarrera guztiak eta, saioa Harriondoa Kultur Etxetik frontoira lekualdatu ondotik, berriz ere sarreren salmenta ireki dute.

Pasa den asteartean bukatu ziren azaroaren 19an Lesakan jokatzekoa den Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekorako sarrera denak. Ordutik, sarrera eskari handia jaso du txapelketako antolakuntzak, eta egoera aztertuta ondotik , saioa aretoz aldatzea erabaki dute Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Lesakako Udalak, Harriondoa Kultur Etxetik herriko pilotalekura. Modu horretan, aforoa handitu da, eta berriz da martxan sarrera salmenta. www.bertsosarrerak.eus atarian lortu daitezke sarrerak.

Joanes Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Eki Mateorena Zozaia, Mikel Lasarte Cia eta Beñat Astiz Isasi ariko dira kantuan Lesakako finalaurrekoan, Alaitz Rekondo Ferrero gai-jartzaile dela. Eskualdekoak dira kantatuko duten sei bertsolarietatik hiru; leitzarrak Illarregi eta Mateorena, eta lesakarra Sanjurjo. Gai jartzailea ere lesakarra da. 

Egun horretan bertan jakinen da abenduaren 2an Iruñeko finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda; hain justu, hiru finalaurrekoetako irabazleak eta sailkapenaren araberako lehen bostak izango dira finalistak. Altsasuko saioa irabazita, Saioa Alkaizak finalerako txartela lortua du jada.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun