Laraburuko bordakoek irabazi dute Arantzako Baserritarren Eguneko gazta lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 2a, 09:00

Egun handia izan zuten atzo aranztarrek, Ekaitza Elkarteak antolatuta, 27. Baserritarren Eguna izan baitzuten. Goizeko euri erauntsiek ez zituzten herritarrak eta ingurukoak etxean geldiarazi eta orduak aitzinera egin ahala, atertu eta aroa lagun, giro polita izan zen. Gazta lehiaketan lehenbiziko saria Laraburuko bordakoek irabazi zuten eta ahari lehiaketan Ximoneko Antonio Iturriarena nagusitu zen.

Argazkiak: Nerea Alzuri, Jose Ramon Amoros eta Igor Ugalde.

Herriko trikitilariek eta panderojoleek musika paratu zioten goizari. Plazan artalde ederra ikus zitekeen eta frontoian, berriz, merkatua, bertakoek ekoitzitako eta landutako produktuen eta eskulanen hamazazpi erakusketa edo salmenta postuez hornitua. Baratzeko uzta, gozokiak, opilak, zerrikiak, eskolako eta Pele-Ttikiko  materiala, eskulanak, argazkiak... Denetarik eta gustu guzietarako izan ziren. Urtero bezala, eskolak paratutako ostatua ere hantxe zen tragoxka eta pintxoa hartzeko.

Hauek izan ziren postuak: Pabloenea, Apezenea, Etxerrea, Etxeberriko borda, Ixabel Lukanbio, Senberro, Pelle Ttiki, Alberto Pikabea, guraso elkartea, eskola, Felix Apezetxea, Seroren borda, Maixol Almandoz, Olaberri, Xuberoa-Gaikoenea, Etxezarreta eta Mikel Larretxea. Eta ardiak, berriz, bortz baserritatik eraman zituzten: Goiko Egusuta, Aranibar, Seberiano Indakoetxea, Ximoneko Antonio Iturria eta Larretabaita.

Gazta eta ahari lehiaketa

Gazta lehiaketan sei gazta aurkeztu zituzten. Epaimahaia Leire Mitxelenak, Iñigo Etxeberriak, Mikel Manzanok, Rosa Arburuak eta Erramun San Juanek osatu zuten eta lehenbiziko saria Laraburuko bordako gaztak eraman zuen (120€); bigarren saria Etxeberriko bordako gaztarentzat (100€) izan zen eta hirugarrena berriz, iaz bezala, Martineko bordako gaztarentzat (60€). Ondotik, hiru gazta sarituen enkantea egin zuten.

Ahari lehiaketan, berriz, Ximoneko Antonio Iturriarenak hartu zuen saria.

Ohitura den bezala, bertako ekoizleek emandako produktuekin osatutako zarea edo saskia ere zozketatu zuten eta Dabit Iturriak eraman zuen.

Asteburuan ekitaldi gehiago

Orain arte kultur egunetan izan diren hitzorduez gain, asteburuan ekitaldi gehiago izanen dira. Larunbatean, Ekaitza Elkartean, 16:00etan partxis txapelketa eta 18:00etan mus txapelketa jokatuko dituzte.

Igandean, Amelie ta Xirrikituen jostunak ipuin kontalariaren saio bikoitza izanen da eskolako gimnasioan. 17:00etan Haur Hezkuntza eta 1. ta 2. mailako haurrentzat eta 18.00etan 3. mailatik goitiko umeentzat ipuinak kontatuko ditu. Ondotik haurrentzat merienda banatuko du guraso elkarteak.
 
Testua: Nerea Alzuri

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun