Jon Abrilek 'Isildutako eskuak' liburua aurkeztuko du ortzirale honetan Arantzan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 19a, 07:00

Urriaren 15a Landa Eremuko Emakumearen Nazioarteko Eguna izan zen, eta horren harira, Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak Jon Abril Olaetxea idazle beratarra Arantzara gonbidatu du Isildutako Eskuak, Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian bere liburua aurkezteko. Hitzordua bihar, ortziralea, 19:00etan egin dute Arantzako liburutegian.

1936ko gerra ondoko hamaika lanbidetako hamalau emakumeren istorioak, bizipenak eta oroitzapenak bildu ditu. Irudipena dago XX. mendean, gerraostean, emakumeak oro etxean gelditu zirela, familia zaintzen eta haurrak hazten, kanpoko lana gizonei utzita. Alabaina, legeek eta usadioek horretara bultzatu arren, izan ziren hainbat andrazko, beharrak eta ausardiak hauspotuta, giroari aurre egin eta hainbat arlotan aritu zirenak. Esku finak eskatzen zituzten lanak izaten ziren, baina soldata-maila eskasekoak, sektore berean ari ziren gizonezkoek baino gutxiago irabaziz, gainera. Isildutako eskuak izan dira emakumeenak, haien ahotsa bezala. Liburu honek emakume horietako batzuei ahotsa eman nahi izan die, guztien izenean, haien ekarpen sozial eta historikoa ikusgarri egiteko.

2021ean lan horrekin Tene Mujika saria irabazi zuen Abrilek eta joan den urtean liburua argitaratu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun