Jon Abril Olaetxea

«Gure historiaren parte haundi bat galtzen ari gara»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 5a, 08:00

Tene Mujika bekari esker argitaratu du Abrilek 'Isildutako eskuak' liburua. Gerraostean etxetik kanpoko lanean aritutako 11 andreren testigantzak bildu ditu liburuan

11 lanbide eta 11 emakumeren bizipenak. Euskal Herriko hamaika txokotan izan da Jon Abril idazle eta kazetaria Isildutako eskuak liburua osatzeko. Mito bati kontra egin nahi izan dio liburuaren bidez, XX. mendean, gerraostean, emakume denak etxean gelditu zirela, familia zaintzen eta haurrak hazten, kanpoko lana gizonei utzita. Legeek eta usadioek horretara bultzatu arren, izan ziren hainbat hainbat, beharrak eta ausardiak hauspotuta, giroari aurre egin eta hainbat arlotan aritu zirenak. 

Horietako hamaika andreren istorioak bildu ditu liburuan: Pakita Burguete Irazoki neskatoarena; Libe Goñi Garate Seaskako lehenbiziko andereñoarena; Michelle Rosier espartingilearena; Milagros Landa Compains unaiarena; Mercedes del Burgo Alava eta Rosario Aizpurua Donazar paper fabrikako langileena; Josefina Lopez Diez eta Belen Lersundi Artola, barazki eta arrain kontserba fabrikako langileena; Pilar Espinosa Caballero kremailera-lantegiko langilearena; Marta de los Hoyos Cantera fabrikako langilearena; Felisa Mujika Garitano Algodonerako langilearena; Serafina Puy Lekuona saregile, batelari, arrantzale eta arrain-saltzailearena eta Maite Solozabal Iturrioz eta Pili Jauregi Zinkunegi Tabacalerako langileena. 

Eskuartean duzu liburua. Zer sentsaziorekin zaude? 

Egia erran prozesua bera polita izan da. Gozatu dut aunitz elkarrizketak egiten, idazten, eta denbora dezente pasa da lana bukatu eta argitaratu bitartean. Tene Mujika beka bik irabazi genuenez, horrela erabaki zuten, eta hagitz lasaia izan da zuzenketa eta maketazio lana. Hartu dudanean banuen gogoa esku artean izateko. Sentsazioa ona da, formatua aunitz gustatu zait, azala… Orain irakurlearen esku utzi eta ea bueltan zer hartzen dudan. 

2016an egin zenuen Neskatoak dokumentala, eta orain etorri da Isildutako eskuak liburua. Zer dute emakumeen istorioek? 

Neskatoak dokumentalaren kasuan argi zegoen amatxiren istorioa zegoela gibeletik. Hau segida bat izan da. Dokumentalaren zabalkundearekin han- hemen ibili nintzenean emakume nagusi aunitz hurbiltzen zen pelikula ikustera, eta behin eta berriz aipatzen zidaten eurek ere gisako bizipenak izan zituztela, bertze lanbide batzuetan ibiliagatik ere lan mundua ez zela erraza izan eurentzat. Hor ikusi nuen neskatoak bezala bertze lanbide eta hari aunitz zeudela, eta hari segida bat eman, eta zor hori edo kendu nahi izan dut. 

«Emakume denek hasieratik harrera hagitz ona egin didate»

Zergatik kontatu nahi izan dituzu istorio horiek? 

Erakartzen nauen gaia da batez ere memoria ariketa hori egitea. Ahantzitako edo isildutako ahots horiei boza paratzea. Gure historiaren parte haundi bat galtzen ari gara, belaunaldi bat joaten ari zaigu, eta hurrengo belaunaldiek bertze bizimodu bat ezagutu dute edo dugu. Testigantza horiek biltzeko beharra da kasik gehiago. Egia da emakumeengan paratu dudala fokua, batez ere ikusten dudalako arrontean ahantziak izan direla.

Adineko emakumeen istorioak dira. 

Neurri handi batean gaur egun agian feminismoak badu presentzia literaturan, baina, justuki adineko emakumeak nahiko ahantziak izaten ari dira. Hor ikusten dut agian badagoela ekarpen bat egiterik, eta gizon bezala uste dut badagokigula begirada emakumeengan paratzea. 

Zein izan da liburuaren helburua? 

Liburuak aitortza bat egin nahi die garai jakin batean lan ikaragarri gogorra egin zuten emakume batzuei, erabat bigarren edo hirugarren mailakotzat hartu ditugunak eta segitzen ditugunak hartzen. Herri bezala horretan gure kontakizun propioa eraikitzearen inportantzia nabarmendu nahiko nuke. Horrelako istorio eta pertsona anonimoen istorioekin osatu behar dugula eta ez bakarrik historia handia. Horretarako horrelako kontakizunak biltzea garrantzitsua da. 

Pakita Burguete, ezkerretik lehenbizikoa, Ziburuko Elkano etxeko jantokian, bertze hiru neskatorekin batera (Nati Irazoki, Mari Paz Lazkanotegi eta Pakita Irazoki, denak beratarrak). Pakita Irazokik utzitako irudia.

Izenburutik beretik ikusten da intentzio hori, ezta? 

Hasierako izenburua ez zen hori baina… Proiektua aurkeztu nuenean Ezkutatutako eskuak zen izena, baina, gero ikusi genuen ahoskatzeko hagitz konplikatua zela 'ezkutatutako' hitza eta 'gorde' hitzarekin jokatu nahi izan genuen. Azkenean 'isildu' paratu genuen, eta 'eskuak', eskuekin egindako lana izan delako batez ere, isildutako horiei aitortza egitea, eta argitara paratzea. 

Neskatoak dokumentaleko protagonistetako batena da lehen testigantza: Pakita Burgete beratarrarena. Zergatik aukeratu duzu Pakita? 

Neskatoak dokumentalarekin hasi nahi nuela argi neukan, hari horri segida emateko eta zentzu hori bilatzeko asmoarekin. Dokumentaleko edozein emakumeren istorioak balio zezakeen. Pakitak erranen nuke, bazituela elementu batzuk hagitz erakargarriak zitzaizkidanak, 50eko hamarkadan joandakoa zela eta gehienak 60koan joan ziren, mendiz, gordeka, paperik gabe… Epika puntu hori bazuen. Bere kontatzeko manera ere, bere espresibitatea ere aunitz gustatu zitzaidan grabatu nuenean, eta bere espresio aunitz buruan iltzatuta nituen. 

Pakitarenaz gain, bertze hamar emakume elkarrizketatu dituzu libururako. Nolakoa izan da horiek aukeratzeko prozesua? 

Normalean lanbidea aukeratu dut lehenbiziko, eta horren arabera gero emakumea. Sariketara proiektua definitua aurkeztu behar da, eta ordurako pertsonak ez, baina, lanbideak aukeratuak nituen. Lehendabiziko lana lanbide horiek arakatzea izan zen, ikerketa lan hori egitea, ikustea zer lanbidetan aritu ziren emakumeak. Elementu geografikoa ere sartu nahi nuen, Euskal Herri osokoa izatea. Horrek neurri batean baldintzatzen zuen, eta toki batzuetan bereziak izan diren lanbideak ikusarazi nahi zituen: Maulen espartingileak, edo Lodosa edo Ondarroan kontserberak... Ezkerraldean, adibidez, meatzaritza landu nahi nuen, baina bizirik zegoen emakumerik aurkitu ez eta metalurgiara salto egin nuen. Horrek ere baldintzatu du lana.

«Eroso sentitu naiz narratzailearen paperean»

Nolakoa izan da elkarrizketak egiteko prozesua? 

Aitzinetik eurekin harremanetan jarri, eta ondotik eurengana joan eta elkarrizketa egin dut. Alde horretatik hagitz kazetari lana izan da. Aitzinetik dokumentazio lan dezente eginda joan naiz, gehienetan emakumearen beraren ez, baina, lanbidearen beraren dokumentazioa eginda, baina, galdetegi nahiko irekiekin aldi berean. Badira gauza orokor batzuk denei galdetu dizkiedanak, eta bertze batzuk espezifikoagoak. Gasteizko kasuan, adibidez, banekien Pilar Espinosa elkarrizketatua martxoaren 3ko gertakarietan parte hartutako emakume bat zela, greben antolaketan eta. Bistan da bere bizipen horiek ere bildu nahi nituela. 

Nolako erantzuna hartu duzu elkarrizketatuengana joatean? 

Hagitz ona. Emakume ia guztiek hasierako momentutik baietz erran zidaten.  Hasieran batzuek zalantza zuten beren istorioak zer interes edo garrantzia izan zezakeen. Baina proiektu osoa kontatzean hagitz estimatuak zeuden norbaitek aditzen dituelako. Aditzea bada zor diegun errekonozimendu horretarako erreparazioaren lehendabiziko zatia bederen. Uste dut hori aunitz eskertu dutela emakumeek. Osasun arrazoiak eta lotsa tarteko izan dut ezezkoren bat, baina, gainerakoan emakumeen aldetik prestutasun erabatekoa, eta harrotasuna hartu ditut. 

Anso eta Erronkariko emakumeak Mauleko lantegi batean, 1905ean. Txuri beltzean artxiboak utzitako irudia.

Elkarrizketak dira muina, baina, ondotik liburuan kontakizun forma hartu dute. Zergatik kontakizuna? 

Uste dut naturalki horrela atera zaidala, eta igual errazagoa egiten zaidalako. Segur aski prentsarako balitz elkarrizketa formatuaren alde eginen nuke, baina, liburu batean kontakizuna eskatzen zidan. Irakurle bezala ere gehiago bilatzen dut formatu hori. 

Kosta zaizu elkarrizketa horiek ondotik kontakizun formatura eramatea? 

Orokorrean ez. Ez naiz ni batere metodikoa eta ordenatua, baina, kasu honetan elkarrizketa fresko-fresko nuela hasten nintzen idazten, eta nahiko erraz egituratu ditut istorioak. Eroso sentitu naiz kanpotik heldu den narratzailearen paperean. 

«Aunitzetan ikusezin bihurtu ditugu emakume hauek»

Kontakizun berean ageri dira beraien hitzak, dokumentazio lana… Bereziki nabarmena da dokumentazio lan hori egin duzula. 

Kontziente izan nahi nuen batetik ofizio edo lantegi horren inguruan, eta batez ere ofizio horrek inguru jakin horretan zuen garrantziaz. Elkarrizketa prestatzeko hagitz lagungarria egin zait dokumentazio hori. Eta nahi nuen istoriotik ateratzen zen elementu ttikiren bat bilatu irakurleari bertze pizgarriren bat emateko. Bertze elementu batzuk bilatu ditut istorioak eramaten laguntzen zutenak.

Argazkiak adibidez. 

Aunitzetan ez ikusitzat edo ikusezin bihurtu ditugun emakume hauek eta argazkiak jartzea bada erakusteko bertze modu bat. Emakumeen arabera, lantegien arabera, lanbideen arabera aunitz aldatzen da argazki kopurua, baina, kasik 100 argazki bildu ditut eta 70 bat inguru sartu dira. Grafikoki emateak  ere laguntzen du kontestu hori dena osatzen.

Protagonisten partetik ze erantzun hartu duzu? 

Bi protagonisten erantzunak hartu ditut —irail erdialdean egin zen elkarrizketa—, denak ez dira euskaldunak eta horrek ere mugatzen du. Horietako batek telefonoz deitu zidan hunkituta, erranez zeinen ongi bildua nuen bere bizitza historia. Bertze batek erran zidan hain ongi ikusten zituela berak izandako bizipenak sekulako tristura sartu zitzaiola bere gaztetako bizia nolakoa zen ikusiz. Kasik gogorra eta dena egin zaiola berriz ere oroitaraztea bizimodu hori. Aldi berean, harrotasun puntu batekin gaur egun non dagoen eta zer ibilbide egin duen ikustean. Pozgarria da ikustea hunkitu egin direla, eta beren burua islatuta ikusi dutela. Alde horretatik kontent nago. 

«Badakit honen ondotik bertze proiektu bat etorriko dela»

Zer eman dizu idazteko prozesuak?

Ikasketaz kazetaria naiz, kazetari bezala lan dezente egin dut, baina, gero nire lan ibilbide profesionala kazetaritzatik kanpo edo garatu dut azkeneko urte aunitzetan. Idaztea beti gustatu izan zait aunitz eta ofizioarekin lotura hori eman dit dudarik gabe liburuak. Gainera, Tene Mujika bekak epe bat ematen dizu, proiektu bat egikaritu beharra… Aunitzetan ipuin solte bat idazten dut eta bukatu gabe edo errematatu gabe gelditzen da. Honek eman dit egitura batekin lan egitea, diziplina. Horrek aldi berean zure idazkeran ere laguntzen du gauza batzuk fintzen, estilo aldetik… 

 

Otsagabiko unaia, 1924an. Roldan estudio. Nafarroako artxiboak utzia. 

Eta zer espero duzu hemendik aitzinera? Neskatoak aurkezteko herriz herri ibili zinen luzaroan. Antzekorik baduzu buruan? 

Aurkezpen batzuk lotuak ditut. Argi dut gaur egun ikus-entzunezkoek bertze oihartzun bat dutela, zenbait publikorengana ailegatzeko errazagoa dela eta liburuak eta euskarazko liburuen zirkuitua alde horretatik aunitzez ere mugatuagoa dela. Ea ikasturte honetan pixka bat mugitzen den. Irakurleek gustura hartzen badute, eta irakurle talderen batean eurekin kontrastatzeko aukera sortzen bada helburua beteta.

Elkarrizketa hasieran hurrengo proiektu bat aipatu duzu. Baduzu zerbait burutan? 

Burutan baditut bizpahiru gauza, baina uste dut orain atsedena behar dudala, momentuaz gozatu ere bai. Neskatoak egitean momentu hartan banituen ideia pila bat, eta erabaki nuen lasai hartu, momentuaz  gozatu, proiektuari bere tartea eta bizitza eman, eta gero hastea bertze proiektu batzuekin. Eta uste dut orain ere hori eginen dudala. Beharbada orain burutan ditudan ideiak hor geldituko dira, edo horietako bat berreskuratuko dut. Alde horretatik zerbait etorriko dela badakit, behar dudalako baina ikusiko dut zein formatutan, zein modutan eta zein gairekin. 

Idaztea beharra da zuretzat, orduan? 

Bai, tarteka behar dut. Eta laguntzen dit aunitz eguneroko lanak eragiten digun egunerokotasunetik ateratzen; bertze gauza batzuk leitzen, bilatzen bertze estilo batzuk, bertze idazle batzuk ezagutzen ez ditudanak. Bertze bide batzuetatik aberasten nau. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun