Gizon eta emakume, haur eta heldu, denontzako oinetakoak ditu bertan; «herri batean denetik saldu behar da; zapatak, etxeko zapatilak, kirola egitekoak… jendea etortzen da, eta kontent nago». Azaldu duenez, «jendeari etortzen utzi behar zaio, inongo lotsarik gabe begiratzen eta probatzen utzi, erostera bortxatu gabe. Bezeroen tratu hurbila da denda ttikion arma hoberena».
Facebook eta Instagram ere erabiltzen ditu, «eta aunitz laguntzen dute. Jendeak dendan daukaguna ikusten du eta gauzak eskatzeko edo galderak egiteko idazten digu». Gainera, «tendentziak ezagutzeko eta jendeari gustatuko zaiona jakiteko mugitu behar da; feriak, ordezkariak… ez da salmenta bakarrik, ongi erosten ere jakin behar da».
Zapata-dendaz gain, «duela bi urte arropa-denda ireki genuen. Izaskun ahizpa dago bertan eta emakumeen eta gizonezkoen arropa saltzen dugu».