Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Neska alaia, baikorra eta ongi pasatzearen maitale naizela erranen nuke, pilota, bertsoa, trikitixa eta era guztietako literatura zaletasuntzat dituena.
Noiz, non eta nolatan hasi zinen bertsotan?
Sei-zazpi bat urte nituela gure eskolako zuzendaria patio garaian bertso eskola moduko batzuk ematen hasi zen. Nire anaia klase horietara agertzen zen, eta joateko erran zidan, atautxiri ilusioa eginen ziolakoan, bertsolari izana baita [Xalbador Madariaga]. Joaten hasi nintzen eta aunitz gustatu zitzaidan bertsolaritzaren mundua. Hurrengo urteetan Estitxu Arozenarekin segitu dut bertso eskoletan.
Orduko nolako oroitzapenak dituzu?
Ez dut zuzendariarekin egiten genituen klase horien oroitzapen aunitzik, baina bai gero Estitxurekin hasi ginenekoak. Hagitz oroitzapen politak ditut. Oroitzen naiz pentsatzen nuela bertze batzuek futbolean edo dantzetan beraien lekua harrapatu zuten bezala, nik bertsotan topatu nuela nirea. Hagitz ongi pasatzen genuen bertso eskolan. Jostetan ariz ikasten genuen, ikasketa baino gehiago, jolasa zen guretzat hura. Irri handi batekin sartzen ginen eta oraindik handiago batekin atera.
«Jostetan ariz ikasten genuen bertso eskolan. Irri handi batekin sartzen ginen eta oraindik handiago batekin atera»
Geroztik zer bide egin duzu bertsotan?
Ttiki-ttikitatik bertso eskolara joan izan naiz. Hasieran Arantzan egiten nituen, nire lagunekin batera, baina lagunak mantso-mantso uzten joan ziren, eta nire anaia, haren lagun bat eta hirurok bakarrik gelditu ginen. Horrela segitu genuen urte batez edo, eta Estitxuk Berara joatea proposatu zidan nire adinekoen taldera. Hala, hamabi bat urterekin astean bi saio egiten hasi nintzen, bat Beran eta bertzea Arantzan. Horrela segitu dut aurtengo ikasturtera arte eta aurten Estitxuk Lesakara helduen taldera gonbidatu ninduen eta astean hiru edo lau bertso eskola egiten hasi naiz. Hortaz gain, bai joan den urtean, baita aurten ere, Bortzirietako taldekakoan kantatu dut, eta aurten lehenbiziko aldiz Eskolartekoan ere parte hartu dut.
Aurtengo ikasturtea ona izan dela erraten ahal da. Iruñeko Bertsopaper Lehiaketan saritua, Bertsolari aldizkarian saritua, Kotto Saria Bortzirietako Taldekako Bertsolari Txapelketan, Nafarroako Eskolartekoa irabazi, Azkue Literatur Lehiaketan saritua, Baztan-Bidasoko bertso paper lehiaketan saritua… Nolako balorazioa eginen zenuke?
Helduen taldera joaten hasteak dezente hobetzeko aukera eman dit, aurten salto handi xamarra eman dudala erranen nuke. Gainera, aurten lehenbiziko aldiz izan dut Eskolartekoa. Bertsolari gazteok Nafarroa edo Euskal Herri mailan kantatzeko dugun lehenbiziko aukera da, eta Nafarroakoa irabazi izanak aunitz erran nahi du niretzat. Euskal Herrikoan ere itxura ona ematen saiatu nintzen, eta bi Eskolartekoen harira orain saio bat edo bertze atera zaizkit. Bertsolari bezala aunitz hazteko aukera eman dit ikasturte honek, bai bertso mailari begira eta bai publiko aitzinera ateratzerakoan.
Zer ematen dizu bertsoak?
Nik uste aurten jakin dudala egiatan zer ematen didan bertsoak. Bertsoa erran nahi dudan dena errateko espazio bat da, izan nahi dudan hura izateko leku lasai bat. Bertsoa niretzat jolas bat da, nahiz eta serioski hartzen dudan ariketa izan. Bertsoa dibertsioa da niretzat, gozamena. Naizen hori izateko aukera ematen dit bertsoak. Bertsoa ez da mikrofono aitzinean jarri eta kantatzea bakarrik. Azken finean, zeure burutik pasatzen den hori bertzeen buruetara bidaltzea da bertsoa, baina zuk bakarrik dakizu zer dagoen zeure buruan, eta hori ezin da hitzez azaldu. Harreman aunitz ere eman dizkit bertsoak, bizi guztirako izanen ditudan harremanak. Egin ditudan lagun hoberenetarikoak bertsoaren bitartez egin ditut, eta oraindik ere eginen ditut. Bertsoak oholtzakide dituzun horiek lagun bihurtzeko ahalmena du. Laburtuz, bertsoak naizen horren zati handi bat eman dit.
Zein dira zure helburuak bertsotan?
Ahal dudan heinean orain gozatzen dudan adina gozatzea. Denborak erran dezala zer sari edo zenbat plaza lortuko ditudan, nik nahi dudana bertsoaz gozatzea da, orain hainbertze ematen didan horrek etorkizunean ere aunitz ematea.
«Estitxu Arozenari aunitz dut eskertzeko. Berak sinetsarazi izan dit balio dudala»
Baduzu erreferenterik?
Badira aunitz miresten ditudan batzuk, bai horixe! Adibidez, Alaia Martin, Joanes Illarregi, Miren Artetxe… Baina erreferentetzat Estitxu Arozena dut. Estitxuk aunitz aldatu du emakumeen bertsolaritza, gaur egun neskok ez genuke hainbertze aukera izanen Estitxuk ez balu egin zuen dena egin. Gainera, Estitxuk erakutsi dit nik gaur egun dakidan guztia. Hau bada gaur egun dudan maila eta hau bada bertsoarekin dudan erlazioa arrazoia Estitxu da. Ttiki-ttikitatik ondoan izan dut bidean eta berak bultzatu nau bertsotan aitzinera segitzeko, berak sinetsarazi izan dit beti balio dudala. Estitxuri aunitz dut eskertzeko, zer guttiago erreferentetzat edukitzea baino.
Ikasketetan zer moduz?
Ongi. Aurten eskolaz aldatu gara eta Toki Ona institutura joan gara. Aldaketa handia da, baina Arantzatik hagitz prestatuak joan garela erranen nuke, eta beraz ez da gogorra izan. Gainera, aunitz eskertzen da harat joan eta jende berria ezagutzea.
Etorkizunera begira zein asmo dituzu ikasketetan?
Hurrengo urtean DBH bukatzea espero dut, gero Batxillergoa eginen dut letretatik joanda eta gero Euskal Filologia edo Filosofia ikastea dut burutan, baina uste dut oraindik hagitz gaztea naizela deus erabakitzeko.
Nola doa aurtengo uda?
Ongi. Goiz hasi zen uda niretzat dena gainditu nuelako, eta ordutik gaur arte lagunekin herrian ibili naiz, hondartzara eta igerilekura bisita batzuk egin ditut, besta batzuetan egon naiz, bertso udalekuak…
Nola ospatuko dituzu bestak?
Urtero bezala, egunez ekitaldietara agertuz, arratsez besta eginez eta goizez tritikixarekin dianan joz. Lagunez bilduta egonez gero, erraza da bestak ospatzea.
«Beti gustatu izan zait abuztuaren 15a. Herri guztia frontoian bilduta, denak dantzan...»
Zein duzu bestetako ekitaldirik eta egunik gustukoena?
Egunik gustukoena abuztuaren 15a izan dut beti, batez ere Arantzako dantzengatik. Beti gustatu izan zait egun hori. Herri guztia frontoian bilduta, denak dantzan, gure herriarena bakarrik den tradizioari segituz…. Hagitz polita iruditzen zait.
Eta hutsik egiten ez duzu ekitaldia?
Arantzako dantzak. Hortaz gain, pilota partiduak ikustera joateko ohitura dut eta inondik inora galtzen ez dudana bertso saioa da.
Zerk egiten ditu Arantzako bestak berezi?
Nik uste norberak bere herriko bestak berezitzat dituela, denontzat dira bakoitzaren herriko bestak berezi. Baina, hortaz gain, Arantzak baditu gure bakarrik diren tradizioak, adibidez, Arantzako dantzak, Arantza Rock…
Trikitixa joko duzu?
Bai, goizetan dianan joko dut eta hortaz gain egitarauan dauden kalejiretan.
Bezperan aterata, trikitilarien dianan jotzea kostatzen da?
Gehien kostatzen dena ernatzea da, baina bestak izate horrek denerako indarra ematen dizu, eta lo gutti eginda ere bizi-bizi pasatzen duzu eguna.
Bestetan zerbaiten falta sumatzen duzu?
Nahiko egitarau betea da, baina parrandatik at joanda gazteoi begira zerbait antolatuko nuke, tailerren bat edo. Besta egitaraua normalean umeentzat eta helduentzat prestatua da, eta tarteka erdian gauden gazte horiek ez gara aisa ikusten.
«Denok zor diogu denoi errespetua. Inor ez da inor baino gehiago edo guttiago»
Besten atarian, zein mezu luzatuko zenieke herritarrei eta bisitariei?
Besta giroan kokatuta egon arren, ez dugu atzendu behar Arantza herri bat dela eta aranztarrok pertsonak garela. Ingurua ahalik eta garbien mantentzen saiatzeko eskatuko nioke jendeari, gure herria bestaleku izateaz gain herri bat delako. Eta, nahiz eta orain arte ez arazo aunitzik izan, ez dezagun atzendu bestatan gaudenak pertsonak garela, denok eskubide berdina dugula bestan lasai egoteko eta errespetua merezi dugula.
Zerbait gaineratuko zenuke?
Besta aukera ederra da ongi pasatzeko eta disfrutatzeko, baina nahikoa da pertsona bakar batek gaizki pasatzea bestari bere grazia kentzeko. Denok zor diogu denoi errespetua, oroitu gaitezen inor ez dela inor baino gehiago, eta inor inor baino gutxiago. Besta izan dadila denontzako besta.