Bestak 2023

«Erraldoiekin ateratzeko ez dugu entseatzen, ongi pasatzeko ateratzen gara»

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 11a, 15:00

«23 urteko gazte arrunta, kirola, herria eta besta gustuko dituena». Halaxe deskribatu du Markel Iturriak bere burua. Besta gustuko du, eta tartean, noski, Etxalarko bestak ere gustatzen zaizkio. «Lan edo eginbehar dezente izaten dira, baina, gogoz eta ilusioz egiten ditugu», kontatu du. 

Kirolaria izateaz gain, dantzaria ere bada, eta bestetan dantzan aritzea egokituko zaio. Urtean zehar astean behin entseatzen dutela dio baina, bestak hurbildu ahala «azken egunetan gehiago elkartuko gara». Gainera, dantzan aritzeaz gain, erraldoiak dantzatzen ariko da Iturria, baina horretarako entsegurik ez dutela egiten dio «momentuan bertan bakoitzari ateratzen zaiona egiten dugu, ongi pasatzeko ateratzen gara», dio irriz. 

Egunero ateratzen dira bestetan, eta goizetan egiten dute zita ostatuan. «Normalean denak agertzen gara, baina, baten bat aitzineko egunean luzatu eta lokartzen bada bere etxera joaten gara gaiztakeriaren bat egitera». Erraldoiak eramatea taldeko kide denen artean egiten dutela azaldu du, eta «dantzatzea gustuko baduzu erraz» egiten dela. Etxalarko erraldoiek berezitasun bat dute, besoak libre dituztenez «kontuz ibili behar baita», baina hala ere, «erraz» kontrolatzen dituztela dio. 

Familiatik datorkio erraldoiekiko zaletasuna, osabak sartu baitzien harra anaiari eta biei,  eta 3-4 urte zituenerako aritzen baitzen oparitutako erraldoi ttiki bat dantzatzen, «eta oraindik horretan segitzen dugu».

Gogotsu dago bestetarako, eta batez ere bi momentu ditu gustuko, «bezperako erraldoien itzulia eta asaua, ezingo nuke bietako bat aukeratu». Eta bestek zer faltan duten ere argi du: «sokamuturra eginen nuke, baina, ez dut argi nola». Etxalarrera joaten denak ziur aurkituko duela Iturria, bestan ez bada erraldoiekin dantzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun