Bestak 2023

Julio Martinez omendu du Berako musika bandak bestetako emanaldian

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 4a, 09:00

Herriko bestetako egun handiko arratsaldeko dantzen ondotik, ohi bezala, kontzertua eman zuen Berako musika bandak, Igor Telletxearen zuzendaritzapean. Herriko Etxeko plazan hasi zuten emanaldia, baina euria hasi zuenez, udaletxeko arkupera aldatu behar izan zuten. Baina ez zen hori izan kontzertuko gauzarik bereziena. Izan ere, musika bandak omenaldia eskaini zion hainbat urtez tuba jotzen aritu den Julio Martinezi. Bandako zapia paratu zion zuzendariak hunkituta zegoen Julio Martinezi, bandako kideen eta ikusleen txalo artean. Bandaren emanaldia bukatzeko, bandak eta gaiteroek jotzen zuten bitartean erraldoiek dantzatu zuten plazan.

Gaur danborrada eta pilota jaialdia

Bestetako hirugarren eguna izanen dute aurten Beran eta hainbat ekitaldi izanen dituzte. Aipagarrienak, 12:30ean Herriko Etxeko plazatik Altzateko plazara eginen duten danborrada eta arratsaldeko pilota jaialdiak. Musika Trikidantz taldearen eskutik izanen da eta dantza herrikoiak ere izanen dira arratsean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun