Energia berriztagarriak

Energia herrian sortzeko eta kontsumitzeko lehen urratsak ematen ari dira Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 14a, 11:00

Clara Rouget eta Argi Agara dira prozesuan parte hartzen ari diren herritarretako bi.

Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko lehen urratsak ematen ari dira. Bortz bilera egin dituzte eta martxa onean doa. Bihar, ekainak 15, eginen dute uda aitzineko azken bilera Beralandetan 18:00etan.

Berako Udalak, Goienerrek eta Elhuyarrek sustatuta, Energia Berriztagarrien Komunitate bat sortzeko prozesua martxan duten Beran. Martxoaren 16an hasi zuten bidea, eta bortz bilera ireki egin dituzte dagoeneko. 

Bilera informatiboak izan ziren lehenengo biak, eta ondotik egindako hiru bileretan komunitatea sortzeko motibazioak, Beran gauzatu daitezkeen proiektuak eta egitura juridiko posibleak landu dituzte. Uda aitzinetik azkeneko bilera ekainaren 15ean izanen da, 18:00etan Beralandetan.

Herritarrak dira prozesuaren ardatza, eta herritarrak energia berriztagarrien inguruan «ahalduntzean» paratu dute indarra. «Herritarrak ahalduntzen ditugu tokian tokiko energia beharrei erantzuteko, energia kontsumoa murrizteko eta proiektuak garatzeko», azaldu du prozesua dinamizatze lanean ari den Elhuyarreko Idurre Zugasagastik.  Azaldu duenez, horrelako proiektuak martxan jartzean ezinbertzekoa izaten da parte hartzaileen arteko konfiantza eta kohesioa lortzea, eta hori da hain zuzen Elhuyarren eginbeharra, «hori ez da egun batetik bestera sortzen eta landu egin behar da epe luzera jasangarria izan dadin». Goiener, aldiz, alderdi teknikoaz arduratzen da. 

Herritarrak bazkide

Lehen bi bilera informatibo egin ondotik, komunitatearen parte izateko interesa dutenak dagoeneko hasiak dira etorkizuneko proiektuak eta komunitateak izanen duen forma garatzen. 30 bat lagun inguru ari dira horretan eta tartean dira Clara Rouget eta Argi Agara. Labiaga Ikastolako gurasoak dira biak, eta ikastolaren bidez jakin zuten prozesuaren berri. Hain zuzen, ikastolan egina zuten hausnarketa energia berriztagarrien inguruan eta horrek bultzatu zituen bileretan parte hartzera, bai ikastolaren izenean, baina baita norbanako gisa ere.

«Energia hitz ikusten dugularik elektrizitatea eta energia fotovoltaikoa daude denen buruetan, baina guk bileratan aunitz aipatu dugu nola gutiago produzitu, nola aurreztu, mugikortasunean autoa nola gutiago baliatu…», azaldu du Rougetek. «Energia nola aurreztu eta kontzientzia nola piztu, hori izan da gehien aipatu duguna».  Bileretan herriko eraikin publikoak erabiltzen den biomasaren galdararen inguruan ere mintzatu direla azaldu dute. «Gaur egun biomasa hornitzeko Tafallatik ekartzen da lehengaia, eta hemen sortzeko natura baliabideak nola kudeatu ditzakegun aipatu dugu adibidez». 

Komunikazioa ardatz

Orain arteko bilerek herritarren interesa piztu dute, eta 30 bat lagun daude murgilduak kooperatiba sortzeko prozesuan. Parte hartzaileen artean, ordea, gazteak faltan bota dituzte hiruek. «Denak ados gara gazteak falta direla, baina, baita merkatariak, enpresariak eta landetxeak dituzten herritarrak ere», azaldu du Agarak. Behin kooperatiba sortuta, horiek ere bidelagun izan nahiko lituzkete eta horretarako informazio lan handia egin beharko dutela jakitun da Rouget: «Kooperatibak zer ekarriko lukeen azaltzeko informazio lana egin beharko da eta jendea kontzientziatu behar da», azaldu du.

Bileretan parte hartze aktiboa duen lan taldea ari da kooperatiba sortzeko prozesuan, baina bazkidetza egiteko orduan, herritar denei irekitako proiektua izanen da: «Gero eta jende gehiago elkartu orduan eta inbertsio txikiagoa egin beharko dugu», gehitu du Agarak. «Gurea sortzeko bidean jada, eta proiektu ttikiekin hasten ahal gara pixkanaka handiagoak garatzeko», nabarmendu du Rougetek. 

Ekainaren 15eko bileraren ondotik, udazkenean izanen du segida prozesuak. Zugasagastik aurreratu du ez direla bide motzak izaten eta «herri bakoitzak daukala bere erritmoa bere errealitatera egokituta». Pixkanaka Elhuyarren eta Goienerren partaidetza gutxitzen joanen da, harik eta herritarrek lidergoa hartuko duten arte. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun