Osasunaren Eguna eginen dute Sunbillan larunbatean bigarrenez

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 25a, 09:00

Sunbillako herritarrak iazko Osasunaren Egunean

Joan den urteko arrakasta errepikatzeko ilusioz, Osasunaren Eguna antolatu dute bigarren aldiz Sunbillan. Ekitaldiz betetako eguna prestatu dute larunbaterako, hilaren 27rako. Bildutako dirua Anadi eta Adano elkarteei emanen diete

Egitaratu oparoa prestatu dute larunbaterako. Eguna hasteko, 10:00etan, martxa solidarioa eginen dute. Herriari itzulia emanen diote musikarien laguntzarekin. Ondotik, 11:00etan, mural margotzea eginen dute Iciar Mikelperizenarekin. Ordu berean hasita eta 13:00ak arte haurrentzako puzgarriak izanen dira frontoi gibelean. 

Bi hitzaldi ere izanen dituzte goizean. 11:00etan Adanoko kideekin solasaldia izanen da plazan. Hitzaldi hori bukatuta, 12:15an Anadiko kideek hartuko diete lekukoa. 

Hitzaldien ondotik, 14:00etan bazkari solidarioa izanen dute elizako aterpean. Txartelak Fonda ostatuan eta eta Marisol janari dendan daude salgai. Kontuan hartu beharko da bazkarira bakoitzak bere platera, edalontzia eta mahai tresnak eraman beharko dituela. Bazkaria bukatuta, bingoa eta zozketa eginen dituzte.

Arratsaldean izanen du segida egunak. 18:00etan zunba saioa izanen dute eta ordubete beranduago Bingoa plazan. 20:00etan kamiseten enkantea eginen dute eta lau lote zozketatuko dituzte plazan. Ordu berean taloak dastatzeko aukera izanen da. 

Eguna bukatzeko musika izanen da protagonista. 20:30ean Mexikoko musika izanen da Chucin Ibañez eta Jesus Tapiz musikariekin, eta 22:00etan hasi eta 03:00ak arte J&J Dj-ak girotuko du arratsa. 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun