«Nahiz eta gizartean geroz eta indibidualistagoak bihurtzen ari garen, uste dugu jendeak baduela laguntzeko prestutasuna. Laguntzeko gogo hori nolabait bideratzea lortu behar dugu, eta horretarako aproposak iruditzen zaizkigu Osasunaren Eguna bezalako ekintzak». Eta hori hala dela konbentzituta, aurten, bigarren urtez, Osasunaren Eguna antolatu dute Sunbillan. Aldi honetan Adano minbizia duten haurren Nafarroako elkarteari eta Anadi Nafarroako Diabetes Elkarteari diruz laguntzeko izanen da eta horren harira, egun osoko egitaraua prestatu dute maiatzaren 27rako.
Eguna behar bezala atera dadin, bederatzi laguneko taldea buru-belarri lanean hasia da aspaldian: Nieves Biurrarena, Haritz Agesta, Daniel Bertiz, Aitziber Juanenea, Ander Mariezkurrena, Aitor Ibarra, Bixente Ibarra, Maitane Ibarra eta Ion Anzizar.
Joan den urtetik lanean
Joan den urtean hasi zuten elkarlana, desfibriladoreak erabiltzeko ikastaro bat antolatzeko aitzakiarekin: «Ikastaroa ematera Ramon Campos ekarri genuen eta hasieratik hagitz ongi moldatu ginen berarekin. Ikastaroa akitu zenean, egunen batean Sunbillara berriz etortzeko prest egonen litzatekeela erran zigun, herritar guztiei zuzendutako ikastaro azkar bat emateko». Eskaintza onartu eta ikastaroa emateko hasierako asmoa, egun osoko besta bihurtu zen: «Egitaraua nola bete pentsatzen ari ginenean, elkarteren batendako dirua lortzeko aukera ederra izaten ahal zela okurritu zitzaigun». Herriko kasuetan jarri zuten begia, eta «aterako genuen dirua Saray Bularreko Minbiziaren Nafarroako Elkarteari eta gaixotasun lisosomalen MPS elkarteari ematea pentsatu genuen. Ideia batek bertzera eraman gintuen, eta horrela sortu zen Osasunaren Eguna».
«Egun borobil-borobila»
Ez dute atzendua joan den urtekoa, «uste baino hobeki atera» baitzen, antolatzaileen hitzetan, «dena borobil-borobila. Gure aurreikuspen guztiak gainditu ziren, bai jendearen parte hartzearen aldetik, bai inguruko eta ez hain hurbileko merkatari, elkarte, eragile eta bertze hainbatek emandako ekarpenaren aldetik». Esker oneko hitzak dituzte. Alde batetik, «laguntza eske jo genituen ate guztiak ireki zizkigutela» aipatu dute, eta bertzetik, «guk uste baino diru gehiago lortu genuela». Arrakastaren seinale bi datu: bazkarian 175 lagun bildu ziren eta enkantean 1.530 euro lortu zituzten. Eta noski, laguntza hori hartu zuten Saray eta MPS elkarteak ere kontent gelditu ziren: «Hagitz eskertuak gelditu ziren. Hasieran harriduraz hartu zuten, nola izaten ahal zen 700 biztanleko herri ttiki batek horrelako egun polit bat antolatu izana eta gainera ateratako diru guztia beraiei eman izana. Normalean, horrelako ekitaldiak elkarteek antolatzen dituzte, familia eta kideen laguntzarekin. Gure kasuan, ordea, beraiekin deus ikustekorik ez duen herritar talde batek egin zuen dena, eta hori ez da ohikoa. Seguru gaude, horrelako ekarpenek indarra eta lanean segitzeko gogo gehiago ematen dietela».
Aurten gehiago
Lehenbiziko edizioa «hain ongi atera zela ikusita», egitasmoari segida eman eta aurten berriz antolatzea erabaki dute. «Joan den urtean, uztailaren 2an, Osasunaren Egunari buruzko balorazio bat egiteko afaria egin genuen taldeko guztiok. Denek hagitz balorazio positiboa egin genuen eta aurten ere zerbait antolatzeko gelditu ginen. Erraten ahal dugu orduz geroztik gaiarekin bueltaka ibili garela, baina duela hilabete pare bat hasi ginen buru-belarri».
Onartu dute antolaketak bere lana eskatzen duela; «Ezin dugu erran horrelako egun bat antolatzeak zailtasunik ez duenik, gauza aunitz lotu behar dira». Baina kontent ari dira taldean, «lantalde ona osatzen dugu eta horrela gauzak errazago egiten dira. Kide bakoitzak bere abilidadeak dauzka eta horren arabera banatzen ditugu lanak; batzuk ostatuetan, dendetan eta gainerakoetan laguntza eske ibiltzen dira; bertzeek egunean bertan behar diren azpiegiturak eta baimenak lortzen dituzte; bertzeek kartelak eta logoak diseinatzen dituzte... Denendako badago egitekoa. Egunean bertan lan aunitz izaten dugu, baina zati haundi bat lehenagotik egin beharreko prestaketak dira».
Eta prestaketa horiek behar bezala eginda, «aurtengoa berdin edo hobeki ateratzea» espero dute. Berrikuntza gisa, «zozketarako txartel gehiago paratuko ditugu saltzeko eta bi sari izan beharrean lau sari izanen dira. Dagoeneko ekarpen aunitz hartu ditugu eta gehiago etorriko direnez, sari ederrak izanen dira».
Adano eta Anadi
«Laguntza beharko duten elkarte gehiago egonen direla» dioten arren, aurten Adano eta Anadi elkarteak dituzte begiz joak: «Zein elkarteri bideratu erabakitzen ari ginela, Aitor Bazterrikaren izena atera zen. Taldeko batzuen aspaldiko ezaguna da, eta beraien semeak duela urte bat minbizia pasatu zuen. Berarekin harremanetan jarri ginen eta espero genuen bezala, buru-belarri sartu da antolaketan eta ahal duen guztian laguntzen. Hori izan zen Adano elkartea aukeratzearen arrazoia». Horrez gain, «herrian zenbait diabetes kasu» izaki, Anadira jo zuten: «Bi elkarteak hagitz kontent hartu zuten gure eskaintza eta denetarako laguntzeko prest agertu dira».
Parte hartzeko deia
Egun haundiaren atarian, parte hartzeko deia egin nahi izan diete antolatzaileek herritarrei: «Adano eta Anadi elkarteei laguntzeaz gain, hagitz giro onean egun ederra pasatuko dugu». Baina horrekin batera, «lagundu nahi duenak modu aunitzetan bere ekarpena egiten ahal duela» oroitarazi nahi izan dute: «Lehenagotik txartelak erosiz, enkantean parte hartuz, bazkarira joanez, taloak erosiz...». Esplikatu dutenez, «txartelak salgai daude eta horiek erosteko gonbidapena egin nahi dizuegu. Bertzetik, joan den urtean arrakasta haundia izan zuen kamiseten enkantea ere martxan paratu dugu. Famatu batzuen kamisetak lortu ditugu beraien sinadurekin; futbolarienak, pilotarienak, txirrindularienak, eskubaloi jokalarienak... Parte hartu eta egin zure eskaintza!».
Edozein moduz, herritarrei ez ezik, gobernuetako ordezkariei ere luzatu die mezua Sunbillako talde honek, haien aldetik gabezia edo «falta» sumatzen dutelako; «Geroz eta eritasun gehiago dauden gizarte honetan ikerkuntzari ez zaio behar duen garrantzia ematen eta aunitzez ere diru gehiago inbertitu beharko lukete eritasunen ikerketan».
Esker onez
Etorkizunera begira, ez dute argitu ekimen honek segida izanen duen edo ez. «Pausoz pauso» doazela diote, «ea aurtengoa nola ateratzen den. Guztia akitzean ikusiko dugu ea gure helburuak betetzea lortu dugun eta jendeak nolako balorazioa egiten duen. Horren arabera erabakiko dugu heldu den urtean bertze erronka bati ekiteko prest gauden».
Orain arte jendearen aldetik hartu duten erantzunak behintzat antolatzeko adorea ematen die: «Laguntza eske joan garen ostatuek, dendek, eragileek, elkarteek... guztiek zerbait ematen digute. Egunean bertan ere jende aunitzek laguntzen digute antolatutako ekitaldiak antolatzen». Hala, laguntzaile guztiei eskerrak emateko probestu nahi izan dute aukera: «Hagitz zerrenda luzea izanen litzateke banaka-banaka guztiak aipatzen hasteko, baina mila esker modu batera edo bertzera lagundu diguzue guztiei. Zuek gabe hau ez litzateke posible izanen».
Hala ere, laguntza horretatik haratago, bada lantalde honi lanean segitzeko indarra ematen dion bertze arrazoi bat: «Ekimen honen inguruan sortzen diren istorioak eta bizipenak. Horiek dira barrenetik gehien betetzen gaituztenak. Hagitz momentu politak eta hunkigarriak bizi ditugu antolatzen ari garen bitartean eta horrek aunitz betetzen gaitu».
Egun osoko bestaEkitaldiz betetako eguna prestatu dute sunbildarrek maiatzaren 27rako. Bildutako dirua Anadi eta Adano elkarteei emanen diete.
|