Gaur bukatuko da Arantzako Mendi Lasterketan izena emateko epea

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 18a, 07:00

Arantzako Ekaitza Elkarteak antolatuta, igande honetan, apirilaren 23an, eginen dute Arantzako Mendi Lasterketaren laugarren edizioa. Izena emateko epea gaur arratsean bukatuko da.

Arantzako plazatik (275 m) 09:30ean abiatuko da 20 kilometroko luzera eta 1.300 metroko malda duen mendi lasterketa. Zepurura (715 m) igo beharko dute lehenbizi, eta Illurdira (1.072 m) ondotik. Horixe izanen da ibilbideko punturik altuena. Handik Ekaitzara (1.040 m) joan beharko dute eta Ibintza izanen da hurrengo tontorra (1.032 m). Ibintzatik Ollargatarako (660 m) bidea hartu beharko dute lasterkariek eta Aientsatik barna, Arruzpira jaitsi ondotik, maldan goiti plazara ailegatuko dira. Hantxe izanen da helmuga.

Gainerakoan, lasterketa Nafarroako Koparako puntuagarria izanen da eta aitzineko edizioetan bezala, Ekaitzako tontorretik pasatzen diren lehenbiziko Bortzirietako emakumezko eta gizonezko lasterkariek Xabier Zubieta Saria hartuko dute.

Ekaitza Elkarteak martxo hasieran ireki zuen izena emateko epea eta gaur, apirilaren 18a, bukatuko da. Interesatuek Nafarroako Mendi Federazioaren webgunean egin dezakete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun