Julen Oskoz eta Sonia Iturria

«Parajearen edertasunak Arantzako Mendi Lasterketa erakargarri egiten du»

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 16a, 09:00

Julen Oskoz eta Sonia Iturria Arantzako Mendi Lasterketaren antolatzaileak.

Sonia Iturria Mitxelena eta Julen Oskoz Elizondo, Arantzako Mendi Lasterketaren antolatzaileak

Apirilaren 23an Arantzako IV. Mendi Lasterketa eginen dute, 20 kilometro eta 1.300 metroko malda dituen proba. Aurtengoa Nafarroako Koparako puntuagarria izanen da. Izena emateko epea asteartean bukatuko da.

Arantzako Mendi Lasterketa antolatzen buru-belarri harrapatu ditugu Sonia Iturria Mitxelena eta Julen Oskoz Elizondo aranztarrak. Ekaitza Elkarteko zuzendaritzako kidea da Iturria, eta mendi lasterketen mundua hurbiletik ezagutzen duena Oskoz. Lasterketaren laugarren edizioa izanen da aurtengoa eta apirilaren 23an egina dute hitzordua. Mendi lasterkariei animatzeko deia egin diete. 

Aurtengoa laugarren lasterketa izanen da. Nolakoak izan ziren hasierako pausoak? 

Arantzako Mendi Itzulia urte aunitzetan antolatu izan da herrian, eta momentu jakin batean, mendi lasterketek azken boladan gurean duten arrakasta ikusita, Arantzan ere halako lasterketa bat antolatzea erabaki zen. Lasterketa gaztea da, baina egutegian bere lekua hartzen ari dena.

Nolako bilakaera izan du lasterketak? 

Hasiera hartan lasterketa motzagoa antolatu genuen, maila guztietako lasterkariak erakartze aldera. Baina ez dugu atzendu behar Arantzako zirkuak, berez, ibilbide zirkular ia perfektua eta zoragarria modu naturalean antolatzeko aukera ematen duela. Alde horretatik, Euskal Herriko bertze eremu batzuekin konparatuz, abantaila dugu, bertako parajearen edertasunak lasterketa erakargarri egiten baitu.

2016an egin zen lehenbizikoa, 2017an bigarrena eta 2019an hirugarrena. Gaur egun bi urtetik behin egiten da, mendi itzuliarekin txandakatuz. Ardura haundia izaten da Ekaitza Elkartearentzat? 

Mendi itzulia eta lasterketa antolatzea hagitz diferentea da. Mendiaz gozatzeko bi modu diferente dira. Mendi itzuliaren kasuan, egun pasa edo lagun giroa izaten da nagusi, mendiaz lasaitasunez gozatzea da helburua, nahiz eta partaide batzuek lasterka ere egiten duten. Mendi lasterketa bertze kontu bat da: abiadura, lehia, sailkapenak… Hori guztia kontuan hartuz, antolakuntzan ere eragina du, noski. Aurtengo lasterketa Nafarroako Mendi Federazioaren babesarekin egiten ari gara eta laguntza haundia da. Lehen enpresa pribatuekin egiten zen izen ematea ere federazioaren bitartez egiten ari gara. inscripciones.nafarmendi.org atarian apuntatu behar da. Gehienez 250 parte hartzaile izanen dira eta apirilaren 18an bukatuko da epea. 

Noiz hasi zineten aurtengoa antolatzen? 

Urri aldera hasi izanen ginen. 

Nola aurkeztuko zenukete Arantzako Mendi Lasterketa? 

20 kilometroko luzera eta 1.300 metroko malda dituen lasterketa da. Hagitz paraje politak ditu, gehiena mendia da, ia ez da pistarik.  

Laugarren edizioa da. Badu ibilbide bat. Lasterkarien egutegian egonkortu den karrera da?

Karrera aunitz izaten dira eta horietako aunitz hagitz errotuak daude. Gure kasuan, egonkortasun hori bilatzen ari gara oraindik. Horren harira, aurten Nafarroako mendi lasterketen zirkuituan sartua dago eta Nafarroako Koparako puntuagarria izanen da, gainera. Aipagarria da kopa hori lehenbiziko aldiz antolatu dutela aurten, eta sei lasterketa baino ez direla izanen puntuagarriak. 

Aurten ere Xabier Zubieta Saria emanen duzue?

Bai, emanen dugu. Ekaitzako kaskotik pasatzen diren lehenbiziko Bortzirietako emakumezkoak eta gizonezkoak hartuko dute. 

Mendiari lotuta Arantzan erreferente izan zen Zubieta?

Bai, hala izan zen. Gazte-gaztetik beti mendian ibili zen, Pirinioetan, Himalaian, Kilimanjaron, Andeetan... Arantzako Mendi Itzulia hasi zuenetako bat izan zen. 

Zenbat boluntario behar izaten dira halako ekimen bat aitzinera ateratzeko?

Mendi itzulian baino jende guttiago behar izaten da. Konparazio batera, izena emateko mahairik ez da izaten dena online egiten baita, eta lasterketako puntuak ere guttiago dira. 20-30 bat lagun izanen gara. Jendea laguntzeko prest izaten da eta laguntza eskatuz gero, beti parte hartzen du. Alde horretatik, ez da arazorik izaten.

Zein dira lasterketako momenturik eta tokirik berezienak?

Punturik politena, dudarik gabe, Ekaitzako tontorra da. Eta bertzalde, herriko lasterkariak helmugara ailegatzen diren momentua berezia izaten da.

Mezuren bat luzatuko zenukete?

Lasterketetan parte hartzen dutenei gonbita luzatuko genieke, aukera polita dute Arantzan. Herriak aukera aunitz ematen ditu eguna edo aste bukaera pasatzeko. Gainera, holako zerbait antolatzen denean, eguraldiak laguntzen badu, beti saltsa izaten da. Herrian bada zer egin eta non egon eta etor daitezela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun