'Euskara harrera hizkuntza' formazio saioa eginen dute heldu den asteazkenean Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 15a, 10:00
Amelia Barquin irakasleak emanen du solasaldia. Irudia: Hiruka, Kepa Ugarte.

Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak antolatuta, Borborraldia eginen dute apirilaren 19an hasi eta maiatzaren 6a bitartean. Borborraldiari irekiera emanez, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin elkarlanean antolatuta, harrerari buruzko formazio-saioak eginen dituzte apirilaren 19an.

Goizean, eragile instituzionalei eskainiko zaie formazioa, eta, arratsaldean, aldiz, eragile sozialei edota interesa izaten ahal duen edozein herritarri. Berako Beralandetan izanen da azken hori, 18:00etatik 20:00etara, eta lehenagotik izena eman beharko da esteka honetan. 

Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko Kultura arteko Hezkuntza irakasleak gidatuko ditu saioak, eta honakoa landuko du bertan: immigrazioa, euskara, generoa eta hezkuntza gurutzatzen direnean dauden gakoak eta erronkak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun