Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak Borborraldia antolatu du apirilaren 19tik maiatzaren 6ra

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 8a, 09:00

Leire Errandonea eta Aitor Iratzoki dira Bor-bor Euskaltzaleen Mugimenduko kideetako bi.

Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak Borborraldia ekintza zikloa antolatu du apirilaren 19tik maiatzaren 6ra 'Euskararen udaberria, piztu Borborraldia' lelopean. Helburua bertzeak bertze mugimendua ezagutaraztea eta herritarrak euskararen inguruan biltzea da

Orain artean su goxoan landu dute euskararen eltzea Bortzirietan, eta udaberriarekin bat loratu, eta borborka paratuko dute. Bor-bor Euskaltzaleen Mugimenduak ekintza ziklo bat eginen du apirilaren 19an hasi eta maiatzaren 6ra bitarte eskualdeko bortz herrietan, euskararen udaberria, piztu Borborraldia izenpean. Eskualdeko euskaltzaleak biltzeko eta Bor-borren lan moldea probatzeko abiapuntu bat izatea nahi dute ekintza zikloa, baita hizkuntzaren auziari modu kolektiboan erantzuteko aukerak zabaltzeko ere.  

Borborraldia egin aitzinetik ordea, urtebete baino gehiagoko bidea egina du dagoeneko euskararen aldeko Bortzirietako mugimenduak. «2021eko udaberrian Bortzirietako Euskara Mankomunitateak egindako gogoeta prozesuan du abiapuntua», azaldu du Leire Errandonea Bor-borreko kideak. «30 urtez edo Euskara Batzordeetan antolatu izan da Bortzirietako Euskalgintza Soziala, nahiz eta eredu horrek hagitz ongi funtzionatu eta lorpen aunitz izan, ikusi zen bazela garaia berritzeko eta errelebo bat izateko».

«Badago gauzak aldatzeko gogoa»

Leire ERRANDONEA

Gogoeta prozesuaren ondotik, egitura berri bat sortzeko talde eragile bat sortu zuten, eta ia urtebeteko lanaren ondotik, gogoeta prozesuan ateratako ideiak oinarri gisa hartuta txosten bat aurkeztu zuten iazko udaberrian «Bigarren mugarria izan zen hori. Batzar gisako bat egin genuen herri guztietako euskaltzaleekin, txostena onartzeko eta ekarpenak biltzeko», kontatu du Errandoneak. Ondotik, uztailaren 2an, Lesakan egin zuten aurkezpen ekitaldi publikoa. 

Errandonearekin batera, Aitor Iratzoki da mugimenduaren sorreran hasieratik buru belarri aritu den bertze herritarretako bat. Mugimenduaren sorrera prozesua «hagitz aberatsa» izan dela kontatu du, nahiz eta zailtasunak ere izan dituztela onartu duen: «Gogoetan gauza interesgarri aunitz bildu genituen, eta gero kosta zitzaigun mugimendu berriari forma emanen zion talde bat eratzea. Baina, azkenean 6-8 lagun elkartu ginen eta giro onean eta gustura aritu gara Bortzirietako euskalgintzari bertze forma bat emateko lanean». 

Euskarak «kezka» pizten du

Jendearen aldetik jasotako erantzuna ere «positiboa» izan da Iratzokiren ustez. Errandoneak ere nabaritu du hori, are, euskararen gaiak Bortzirietako herritarren artean «kezka» pizten duela dio: «Kezka hitzaren zentzu onean, euskararen gaiak badu pisu bat, eta badago gogo bat gauzak aldatzeko eta aitzinera segitzeko; eta hori, pozgarria da».

Aurkezpen ekitaldian bortz herrietako dantzariak aurresku berezia dantzatzen. 

Eskualdeko ikuspegia izateko helburuarekin sortu da Bor-bor, eta helburua «euskararen gaian eragitea» da Errandoneak azaldu duenez; bai herritarren «kontzientzia piztuta» eta baita, herritarrak «ahaldunduta» ere: «Arnasgune edo udalerri euskaldun izaera horri kontzea nahi dugu eta aldi berean euskararen inguruan ikusten ditugun hutsuneak presente izatea». Bortzirietako bortz herriak udalerri euskaldunak direla azaldu du: «Horrek erran nahi du herritarren %70ak bederen badakiela  euskaraz, baina bertze kontu bat da erabilera». Hor, errealitate desberdinak daudela dio: «Puntu batean dago Arantza eta bertzean Bera». Horregatik, nahiz eta herriz herri «kezka komunak» izan, herri bakoitzak «bere arazoak» dituela dio. Bortzak udalerri euskaldunak izan arren, «erabilerarena denbora guztian landu behar den zerbait» da bere ustetan: «Ez dugu ahantzi behar jendeak euskara erabiltzeko baldintzak ere eman behar zaizkiola». 

«Begirada zorroztu behar dugu»

Aitor IRATZOKI

Bide beretik, «begirada zorroztu» behar dela nabarmendu du Iratzokik: «Badago zenbaitetan inpresioa Bortzirietan euskaraz bizi garela, euskaraz ikasi daitekeela, euskaraz mintzatzen ahal garela... baina bertze hainbat gauzatan ez gara ohartzen gaztelera sartu digutela. Normaltzat hartzen dugu liburuzaina erdalduna izatea, pediatra erdalduna izatea, zinema gazteleraz ikusi behar izatea... Beharbada konformismoa erori gara eta ez dugu tentsioa mantendu».

Lan ildoetan banatuta 

Orain arte talde eragilea deitu diotena aritu da lanean, baina, Borborraldiari begira, gogoeta prozesuan nabarmendu ziren ildoak landuko dituzten bortz lan talde sortu dituzte: etorkinen harrera lantzen duena, gazteen arlokoa, hizkuntza ohituren ingurukoa, ikastetxeekin eta gurasoen sentiberatzearekin aritzen dena eta lan mundura begira ariko dena.

Lan talde horiek sortzeko, herriz herri bilerak irekiak egin zituzten urte hasieran, eta «erantzun ona» izan dutela dio Iratzokik: «Talde bakoitza nahiko ongi osatu da, eta bere dinamika hartu du. Sentsazioa ona izan da, jende dezente elkartu da eta leku desberdinetatik». Bide beretik jo du Errandoneak ere: «Pozgarria da ikustea kezkak adierazteaz gain badagoela gaitasuna zer egiten ahal dugun errateko».

«Borborraldia taldea pizteko modu bat da»

Leire ERRANDONEA

Iratzokik azaldu duenez,  talde bakoitza lanean hasi aitzinetik, lan ildo bakoitzak landu beharreko helburuak zehaztu zituzten, baina gerora «autonomia utzi diete talde bakoitza gustura dagoen horretan aritzeko eta nahi duen lekutik jotzeko». Ekintza ziklorako talde bakoitzak bere lan ildoaren inguruko programa ondu du, eta talde eragilea, berriz, koordinazio lanetan aritu da.

Taldearen sorreran erabaki zuten lan ildoka lan egitea, eta Borborraldiaren antolaketa izan da hori probatzeko modua. Lan ildoetan lanean aritu izanak bi alde ditu Errandonearen ustez: «Eragiten hasi nahi dugu ildo horietan eta ikusi zer bide egiten ahal den, eta bertze alde batetik modu bat ere bada Bor-borren funtzionatzeko moduak nola funtzionatzen duen ikusteko».

Bi taldekideek nabarmendu dute taldea «herritar denentzako irekia» dagoela, eta norbanako bakoitzak hartzen duen konpromisoa ere epe batekoa dela: «Momentuz jendea Bor-borraldirako bildu dugu, eta gerora segitzeko gogoa duenak izanen du aukera, baina inportantea iruditu zaigu oraingoz gauzak zehaztea» Kontatu dutenez,  Bor-borraldiaren ondotik aztertuko dute lanerako dinamikak emandako emaitzak, eta herritarren beharren arabera moldatuko dituzte, baina aitzineratu dute asmoa behintzat badela lan ildoak mantentzea. 

Mentxu Peña eta Beñat Iratzoki taldearen sorrera manifestua irakurtzen.

Euskara karrikan hiru astez

'Euskararen udaberria, piztu borborraldia' paratu diote izena apirilaren 19an hasiko den zikloari. Udaberriari egin diote erreferentzia, udaberriarekin batera «piztu» nahi dutelako euskararen eltzea. «Zikloa izanen da taldea bera pizteko modu bat, kontzientziak piztekoa, euskara gaia ikusgarri egitekoa, eta udaberriarekin batera loratzekoa eta orain arte egindako lana bistara ekartzekoa», dio Errandoneak.

«Talde bakoitzak bere dinamika hartu du»

Aitor IRATZOKI

 Apirilaren 19an, asteazkena hasiko da Borborraldia Beran. Bertan, Amelia Barquinek Euskara harrera hizkuntza formakuntza saioa eginen du 18:00etan Beralandeta aretoan. Apirilaren 22an izanen du segida zikloak, Euskara lanean piztu erakusketa ibiltariarekin. Erakusketa hori apirilaren 22an eta 23an Lesakan izanen da, 28an Arantzan, 29an Igantzin eta 30ean Etxalarren, eta maiatzaren 5ean eta 6an Beran. 

Hezkuntzak hartuko dio segida ondotik. Apirilaren 24an hasi eta 28ra bitartean Bortzirietako ikastetxe denetan gurasoen topaketak eginen dituzte. Hilaren 29an, gazteen txanda izanen da, Igantzin Bortzirietako Gazte Euskaltzaleen Topaketa eginen dute. Hezkuntzaren ordua izanen da gero: maitzaren 2a eta 5a bitartean Gurasoentzako motibazio saioa izanen eginen dute UEMAren eskutik. Eguna eta tokia aitzinerago zehaztuko dituzte. Borborraldia bukatzeko, aldiz, Euskararen udaberria piztu akabila besta eginen dute Beran.

Gogoeta prozesua abiatu zenetik ia bi urte pasa direnean, Bor-borrek egindako bidearen balantzea «positiboa» da taldeko bi kideen ustez:«Gure txikitasunean, baina oinarriak paratzen ari gara. Eta ikusten dugu hurbiltzen ari den jendea ilusioz hurbiltzen dela». Etorkizunera begira ere horixe dute asmoa, «lanean segitzea». Horretarako, herritar denak gonbidatu dituzte Borborraldian parte hartzera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun