Inauteriak 2023

«Ikusteak baino grazia gehiago dauka parte hartzeak»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 14a, 12:00

Inudeen eta Artzainen desfilearen antolaketan buru belarri murgildua dago Elixabet Irazoki beratarra. Gure Txokoa Dantza Taldeko kidea da, eta dantza taldea izaten da desfilea antolatzeko arduraduna.

Eguna antolatzeko kultur eragileekin elkar lanean aritzen direla kontatu du Irazokik: «eskaerak egin, entseguak antolatu, kartelak eta deialdiak zabaldu, bazkaria antolatu, arropa kudeatu...». Egiteko lan horiek izaten dituztela kontatu du. 

Inauterietako igandea «egun berezia eta alaia» da beretzako. «Batzuk bestondoa ezin garraiatu ibiltzen dira, eta bertzeak aldiz goizean goiz gosaldu eta indarrarekin egoten dira, denetarik izaten da eta horrek du grazia; denek musika eta dantza karriketan zabaltzeak».

Gainera, herritarrak Inudeen eta Artzainen desfilean parte hartzera gonbidatu ditu: «Ikusteak baino grazia gehiago dauka parte hartzeak», dio. Horretarako, modu bat baino gehiago daudela azaldu du: «Badago gogo eta gustu diferenteetarako aukera: nahi bada musika joz, dantzatuz edo konpartsan ateriz parte hartzen ahal da». Bazkalondoan «giro hagitz polita» izaten dela kontatu du, eta gero bestak segitzen duela: «Arratsaldeko kalejiraren ondotik, eguna bakoitzak nahi bertze luzatzen ahal du». 

Igandearen ondotik, astelehenean, bestak segida izaten du Beran, eta «aunitz» gustatzen zaion eguna izaten dela dio: «Adin guztietako lagun talde dezente animatzen dira eta polita da herrian giro eta bizitza hori ikustea». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun