40 Mozorro Zuri baino gehiago bildu dira aurtengo Arantzako inauterietan eta giro ederra izan dute. Ortzegunean haurrekin elkartu ondotik, bi taldetan banatuta baserri auzoetan ibili ziren Beñat Mitxelena eta Andoni Mitxelena akordeoilariekin. Eta ortziralean, berriz, herrian barna osatu zuten itzulia.
Ortziralean, eskolako haurrak ere ibili ziren baserriz baserri eta etxez etxe; zaharrenak Azkilarrea, Aientsa eta Bordalarrea auzoetan ibili ziren trikitilarien doinuekin bazterrak alaituz eta gaztetxoenak, berriz, herrian etxez etxe kopla kantari. Ortzirale arratsean jende azkarki bildu zen Mozorro Zuriek antolatuta Aterpean egindako bertso afarira. Joanes Illarregi eta Iker Zubeldia aritu ziren bertsotan, eta giro ederra sortu zuten. Gero, gorapean goizaldera arte aritu zen Belfast taldea.
Larunbatean Eguzkialdea auzoan egindako itzuliarekin borobildu zuten haurrek eskea. Horrez gain, gisa aunitzetako mozorroak agertu ziren plazara eta Goiko Karrikara: Gure Zirkuko lagunak, estralurtarrak, mexikarrak, futbolariak, animaliak, rockeroak, bakeroak, indiarrak, pailazoak, marrazki bizidunetako pertsonaiak, aurpegi estalidun mozorroak, txorimaloak... Gehiago ere bai. Erromako apezpiku nagusiaren aukeraketa ere Arantzako plazan irudikatu zuten.
Ilunabarrean herri kirol erakustaldi polita egin zuten Mozorro Zuriek frontoian. Hiru taldetan banatuta aritu ziren, Oier Larretxea, Nerea Sorondo eta Endika Goia aizkolariekin batera, eta goitiraino bete zen frontoia herri kirol saioaz gozatzeko. Bukaeran hiru saski zozketatu zituzten eta Sonia Iturria, Edurne Gamio eta Maixe Oskoz izan ziren sarituak. Arratsean, jende aunitz bildu zen eta Bizphiru Pelau taldearen dantzaldiarekin segitu zuen bestak.