Inauteriak 2023

«Espero dut gure ondokoek guk adina gozatzea inauterietan»

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 31a, 09:00

Olatz IRIGOIEN MADARIAGA, Arantzako trikitilaria

Bertze aranztar aunitzen gisa, inauteriak buruan ibiliko da Olatz Irigoien Madariaga, egun seinalatuak izaten baitira, berak dioen bezala, «besta herrikoiak, hainbat adinetako herritarrak elkartzen dituelako» eta «bereziak»

«Ttikitatik» bereziak iruditu zaizkio inauteriak, eta haurra zela «Mozorro Zuriak etxera noiz etorriko ziren esperoan» egoten zela aitortu du. Eskolan ere egiten zuten inauterien seinalea, eta gogoan du «guretzat eta Mozorro Zuri haundientzat puxka-puxkak egiten genituela». Adina ailegatu zitzaionean horiek soinean paratu eta baserriz baserri eta etxez etxe ibili zen «hiruzpalau urtez» eskolako lagunekin, beti hainbertze maite duen trikitixa bizkarrean. Ortziralea eta larunbat goiza eskean pasatu eta «larunbat arratsaldetan mozorrotzen ginen. Haurren mozorro lehiaketa egiten zela oroitzen naiz».

«Eguneko bestak aunitz gustatzen zaizkit eta inauteriak horretarako aproposak dira»

Trikitixarako zaletasunak Mozorro Zuri haundiekin ibiltzeko atea ireki zion, eta goiz egin zuen saltoa: «Gazte xamarra nintzen lehenbiziko aldiz atera nintzenean, 14-15 urte izanen nituen». Eta «21 urtera arte edo» segitu zuen bere doinuekin bazterrak alaitzen, nahiz eta «tartean urte batzuetan ezin izan nuen jo». Bere solasetan agerikoa da «hagitz oroitzapen onak» dituela, «eguneko bestak aunitz gustatzen zaizkit eta inauteriak horretarako aproposak dira». Horrez gain, «Mozorro Zuriekin atera edo ez, inauteriak dezente aldatzen direla» dio, «Mozorro Zuriekin goizetik hasten zara, gosaria bera momentu polita izaten da, eta handik goiti egunak ekartzen duena». Aitortu du badituela urte haietako anekdota «bakarren bat edo bertze» buruan. «Eguna pasatu orduko gauza dezente pasatzen dira...», baina nahiago izan ditu isilean gorde, badaezpada... 

Ikasketak tarteko utzi behar izan zion Mozorro Zuriekin trikitixa jotzeari, «urte batzuetan azterketek inauteriekin kointziditu zidaten». Onartu du «izugarrizko penarekin» utzi zuela, «baina hola tokatu zen. Berriz bueltatuko nintzateke baina bizitutakoa errepikatzeko. Ez dut uste deus aldatuko nukeenik, ikaragarri oroitzapen onak ditut».

«Berriz bueltatuko nintzateke, baina bizitutakoa errepikatzeko»

Urteotan herriko inauteriek izan dituzten aldaketen testigu ere izan da. Konparazio batera, «egun kopurua» aldatu da: «lehen ortzegunetik igandera izaten ziren, eta orain larunbatetan bukatzen dira». Ez da aldaketa bakarra: «Azken urteotan emakumeak Mozorro Zuri ateratzen dira, Mozorro Zuri gero eta gazteago ateratzen dira, lehen oinez egiten zen ibilbidea eta orain kotxean...». Bada galdu den bertze ohitura bat ere, Irigoienen gustukoa gainera: «gazteagoak ginelarik ortzirale arratsetan buzoarekin mozorrotzea gustatzen zitzaidan. Polita izanen litzateke berreskuratzea». 

Orduko bizipenak bihotzean izanagatik, orain ere ez du inauterietan gozatzeko aukera galtzen, eta maite du «lagunekin eta ingurukoekin afari edo bazkari bat egin eta egun eder bat pasatzea, gorapean dantza batzuk egitea...». Eta seguru aurten ere ez dela urruti ibiliko. Bide batez, herritarrei eta bisitariei «giro ederrean eta elkar errespetatuz besta eder bat egiteko» deia luzatu die eta herritarrei eskerrak emateko ere probestu du: «euren etxeetan egindako harreragatik. Espero dut gure ondotik heldu direnek guk adina gozatzea inauterietan». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun