Osasun zerbitzu duina eskatzeko elkarretaratzeak eginen dituzte ilbeltzaren 26an Bortzirietako herri guztietan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 18a, 12:00

Bortzirietako osasun zerbitzuaren egoerarekin kezkatuta, Nafarroako Osasun Plataformak elkarretaratzeak antolatu ditu bortz herrietan. Ilbeltzaren 26an denak ordu berean eginen dituzte, 18:30ean: Beran Mukixu zubian, Lesakan osasun zentroaren atarian, Etxalarren herriko plazan, Arantzan herriko plazan eta Igantzin kontsultategiaren aitzinean.

Ohiko egoeran, sei familia mediku eta bi pediatra behar lukete Bortzirietan, azken horietako bat lanaldi osoan eta bertzea lanaldi erdian. Baina gaur egun lau mediku baino ez daude eta ez dago pediatrarik. Mediku faltagatik, urte hasieratik medikuen aurrez aurreko kontsultak Lesakan zentralizatuak dituzte eta mediku batek etxeko bisitak eta zaharren egoitzak artatzen ditu. Herriz herriko kontsultategietan erizainak bakarrik ari dira lanean.

Horrez gain, erreklamazioak ere biltzen ari dira bortz herrietako kontsultategietan. Gainera, horiek aurkezteko deia egin diete osasun etxeetako langileek herritarrei. Erreklamazio orriak kontsultategian daude eta gero Iruñera bideratzeko asmoa dute.

Eta ezin atzendu, abenduaren 31n azken zazpi urteotan Lesakako Lehen Mailako Arretako zuzendari izan den Ruth Gonzalez Santo Tomasek dimisioa aurkeztu zuela egoerarekin etsita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun