Egoera kaskarra salatzeko erreklamazioak biltzen ari dira Bortzirietako osasun etxeetan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 13a, 12:30

Mediku falta dela eta, urtarrilaren 2az geroztik Bortzirietako medikuntzako aurrez aurreko kontsulta guztiak Lesakan egiten ari dira. Urtarrilaren 9tik aitzinera espero zuten errefortzuak ailegatzea, baina gaur-gaurkoz Lesakako Osasun Zentroan ez dute horren berririk. Egoerak gain hartuta, osasun profesionalek erreklamazio orriak betetzeko deia egin diete herritarrei.

Oihartzun zabala izaten ari da azken aldian Bortzirietako osasun eremuaren egoera. Abendu erditsuan Ruth Gonzalez Santo Tomasek, azken zazpi urteotan Lesakako Lehen Mailako Arretako zuzendari izan denak, abenduaren 31n zuzendari kargua utziko zuela jakinarazi zuen, arduradunengan «konfiantza galdu» duelako eta ez duelako «gestio txar horren ageriko aurpegia izaten» segitu nahi. Bortzirietako osasun zentroen egoera larria ere azaleratu zuen.

Oraingoz, aldaketarik ez zerbitzuan eta medikuaren kontsultak bakarrik Lesakan artatzen dituzte, ez herri guzietan berriki arte bezala

Izan ere, ohiko egoeran, sei familia mediku eta bi pediatra behar lukete Bortzirietan, azken horietako bat lanaldi osoan eta bertzea lanaldi erdian. Baina gaur egun lau mediku baino ez daude. Hala, urtarrilaren 2az geroztik, Bortzirietako medikuntzako haurren eta helduen aurrez aurreko kontsultak Lesakan egiten ari dira, eta mediku batek etxeko bisitak eta zaharren egoitzak artatzen ditu. Bertze herrietako kontsultategi guztiak irekita daude, baina erizainak bakarrik ari dira horietan lanean.

Berez, aste baterako aurreikusi zuten mediku zerbitzua Lesakan eskaintzea, baina oraingoz berdin segituko dute, aldaketarik gabe.

Erreklamazio orriak kontsultategietan

Egoera jasanezina dela eta, bortz herrietako kontsultategietan erreklamazioak biltzen ari dira, eta horiek aurkezteko deia egin diete osasun etxeetako langileek herritarrei. Erreklamazio orriak kontsultategian daude eta gero Iruñera bideratuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun