Larunbatean eginen dute Mendi Eguna hamaseigarrenez Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 11a, 08:00

Egun osoko egitaraua antolatu dute Agerra Mendi Taldeak, Manttale Mendi Lasterketa Taldeak eta Artxila Eskalada Taldeak. Goizean, eskalada tailerra izanen da, eta arratsaldean kronoigoera, mendi irteera, merienda eta dokumentalaren emanaldia. 

Goizean, Artxila Eskalada Taldeak eskalada tailerra eskainiko du 09:45ean hasi eta 12:30ak arte beren lokalean.

Arratsaldean izanen da Santa Barbara mendirako kronoigoera. 15:00etan, oinezkoentzako ibilaldi gidatua hasiko da, eta 15 minutu beranduago,  15:15ean Manttaleko Atletismo eskolako ikasleen txangoa. Ondotik, 15:30ean hasiko da lasterketa.   

Eguna borobiltzeko 18:00etan merienda eta oparien zozketa eginen dute Ricardo Baroja eskolako jangelan, eta 19:30ean Más allá del Kumbhakarna dokumentalaren emanaldia Kultur Etxean. Dokumentalerako sarrerak aitzinetik  erosi daitezke Agerrako Pikabea harategian bortz euroren truke. 

Kronoigoeran izena emateko epea irekia

Lasterketan izena eman nahi dutenek,  Manttaleren Instagram kontura edo manttale@gmail.com helbidera mezu bat bidali beharko dute, urtarrilaren 14a baino lehen. Egunean bertan ere irekiko dute izena emateko epea, 14:15etan hasi eta 15:00ak bitartean Ricardo Baroja eskolan. 

Izen ematea dohainik izanen da eta parte hartzaileak 5,5 kilometrotako ibilbidea osatu beharko dute. Bikoteak 30 segundotik behin aterako dira, eta lasterketan ez da sailkapenik izanen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun