Alizia Sagaseta eta Itziar Iguzkiagirre

«Premiazkoa da artatzen ditugunak lana dela medio ahalduntzea»

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 30a, 08:00
Itziar Iguzkiagirre.

Alizia SAGASETA eta Itziar IGUZKIAGIRRE Bortzirietako gizarte zerbitzuetako harrera eta gizarteratze programetako teknikariak

«Gizarte bazterketa kausa eta dimentsio anitzeko egoera denez, administrazio guztien erantzunkidetasuna eskatzen du. Ez da gizarte arloaren erantzukizuna bakarrik, hainbat arlo hartzen ditu, hala nola, osasuna, etxebizitza, prestakuntza eta enplegua, kultura eta aisialdia...». Pobreziaz eta desberdintasun sozialaz galdetuta, hori izan da Alizia Sagaseta eta Itziar Iguzkiagirre Bortzirietako gizarte zerbitzuetako harrera eta gizarteratze programetako teknikariek argitu nahi izan dutena. «Bazterketak hainbat sektoretan eragin haundiagoa duela» ere nabarmendu dute: «migratzaileetan, guttiengo etnikoetan, emakumeetan...». 

Harrera eta orientazioa izaten da Bortzirietan pobrezia eta bazterketa egoeran egoteko arriskuan dagoen «orori» eskaintzen dieten lehenbiziko laguntza, eta ondotik eskura dituzten baliabideak paratzen dituzte martxan: «errenta bermatua, gizarte larrialdietako poltsa, gizarte enplegu babestua, elikagaien banaketa, akonpainamendu soziala, lan poltsa, Gurutze Gorriaren material banaketa, Elkarrizan boluntario taldea, helduen hezkuntza, alokairua ordaintzeko dirulaguntzak eta jangela eta eskola materiala erosteko bekak». Eta bereziki «akonpainamendu sozialari» eman nahi izan diote garrantzia: «Lan indibidual eta pertsonalizatu horri esker, pertsonaren maila ekonomikoa aztertzeaz gain, hainbat gabezia antzeman daitezke, arrakala digitala, erraterako. Ezin dugu atzendu bazterketa arriskuan dauden aunitzek gainerako biztanleentzat dauden baliabideetan parte hartzeko zailtasunak dituztela, eta horietaz jabetzea da garrantzitsuena». Horri lotuta, Donezteben zegoen gizarte segurantzako bulegoa itxi zutenetik izan dituzten eskaera kopuru haundia aipatu dute: «Ezinegon haundia sortu du herritarrengan. Dena online tramitatzera inposatzen den horretan bada aunitz kanpoan gelditzen dena». Horregatik uste dute «Baztan-Bidasoaldean bulegoa berriz irekitzea aldarrikatu beharko genukeela».

Bertzelako kontsultak

Gizarte zerbitzuetara laguntza eske jo dutenen kopuruaz galdetuta, «kopuruetan zentratu beharrean, zailtasunez solastatu nahi» izan dute: «Izan ere, jende dezente zen hasieran guregana dirua eskaka etortzen zena eta denborarekin, lana harrapatu duelako, etxe duin batean bizi delako, bertzelako egoerarekin etorri ohi dira». Horren adibide, «horietako batzuek dituzten elkarbizitza gatazkak» aipatu dituzte, «edota gurasoen arteko gorabeherak, familia berregituratu nahian daudenak, arrakala digitala dela eta sistematik kanpo sentitzen direnak... artatu ohi ditugu».

Integratzeko baliabideak

Pandemiaz geroztik, «etorkinen eta langabeen artean formazio aldetik dagoen hutsunea ikusita», Helduen Hezkuntza Proiektua dute begiz joa Bortzirietan, baita «belaunaldien arteko errelebo zailekoak diruditen enplegu premiari edo nitxoei erantzutea» ere. Konbentzituta baitaude «integratzeko horrelako baliabideak sustatu, jorratu eta bultzatu behar direla». Gisa berean, «lan baldintza duinak bermatu eta egoera erregularrean egon nahi duen jendearen aldeko apustua egin nahi dugu. Eta lanerako prestutasuna duenak gure erabateko laguntza izanen du». Eurentzat «premiazkoa da artatzen ditugunak, kanpotarrak edo bertakoak izan, lana dela medio ahalduntzea, eta lan mundutik egiazko gizarteratzeko prozesuari ekitea».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun