Zer dakigu gure herrietako pobreziaz?

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 26a, 08:00

Errealitate Sozialaren Behatokiak Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko txostena argitaratu du, eta pandemiak desberdintasun sozialak eta ekonomikoak areagotu dituela ondorioztatu du. Eskualdeka pobreziari buruzko datuak ere bildu dituzte.

Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko txostena aurkeztu du berriki Errealitate Sozialaren Behatokiak, orain arteko seigarrena. Hainbat ondorio utzi ditu mahai gainean, eta tartean, lehenbiziko aldiz, Covid-19ak sortutako krisiak izan duen eragina bildu dute. 

Pandemiak desberdintasun sozialak eta ekonomikoak areagotu dituela ondorioztatu dute, eta agerian gelditu da talderik zaurgarrienek eta prekarizatuenek krisiaren ondorioak gehiago sumatu dituztela. Hala ere, aldi baterako erregulazioek eta errenta bermatuak pandemiaren eragin ekonomiko eta soziala arintzen lagundu omen dute, eta horiei esker, Nafarroan, 2020an, pobrezia % 23,5 haztea saihestu zela adierazi dute. Horrekin batera, pobrezia eta bazterketa sozialaren datuak baxuagoak dira Nafarroan bertze herrialde batzuekin konparatuz. 

Txostenean ageri denez, Nafarroaren barrenean ere badira aldeak. Kolektibo jakin batzuen artean, 16 urtetik beheitikoen, emakumeen eta atzerritarren artean, adibidez, pobreziak intzidentzia tasa altuagoa du, eta Nafarroako hegoaldean egoera okerragoa da. Datuen arabera, Nafarroako ipar-mendebaldean dago (TTIPI-TTAPAren eremua) pobrezia mailarik baxuena. Pobrezia arriskuaren batez bestekoa % 21,3koa da Nafarroan eta eskualdean % 16,3koa da. Muturreko pobrezia % 11,3koa da Nafarroan, eta eskualdean %7,8koa da.

Pobrezia arriskua eskualdean 

Errealitate Sozialaren Behatokiak eskualdez eskualdeko datuak ere eman ditu, gizarte zerbitzuen eremuka banatuta. 2020koak dira azken datuak, eta 2019ko datuekin konparatuz, Doneztebeko eta Leitzako eremuan pobrezia arriskua apaldu egin da eta Elizondoko eta Lesakako eremuetan igan. Doneztebeko eremuan % 18,7koa da pobrezia arriskua, Elizondon % 18,1ekoa; Lesakan % 15,5ekoa eta Leitzan % 12,9koa.

Muturreko pobreziak, ordea, goiti egin du bai Baztanen, bai Leitzaldean eta Urumealdean, baita Bortzirietan ere; eta Malerreka aldean, berriz, beheiti. Azken datuen arabera, Malerrekan % 8,9koa da muturreko pobrezia, Baztanen % 8,4koa, Leitzaldean % 7,1ekoa eta Bortzirietan % 6,8koa.

Eskualdean dauden gizarte zerbitzuetara ere jo du TTIPI-TTAPAk, pobreziaz eta gizarte bazterketaz zer dioten biltzeko. Hala, bihar hasi eta ondoko egunetan, Alizia Sagaseta eta Itziar Iguzkiagirre Bortzirietako gizarte zerbitzuetako harrera eta gizarteratze programetako teknikariek; Begoña Alberro Malerrekako Gizarte Zerbitzuetako gizarte langileak; Maite Perurena Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langile eta gizarteratze teknikariak eta Maitane Arruabarrena, Itxaso Morato eta Laura Andresena Baztango Gizarte Zerbitzuetako gizarte hezitzaileek eta gizarte langileak diotena argitaratuko du ERRAN.EUSen.

Pobrezia gizarte zerbitzuen eremuaren arabera (%)
  2016 2016 2017 2017 2018 2018 2019 2019 2020 2020
  Pobrezia arriskua Muturreko pobrezia Pobrezia arriskua Muturreko pobrezia Pobrezia arriskua Muturreko pobrezia Pobrezia arriskua Muturreko pobrezia Pobrezia arriskua Muturreko pobrezia
DONEZTEBE % 21,0 % 10,9 % 20,3 % 10,1 % 19,8 % 9,4 % 20,0 % 9,1 % 18,7 % 8,9
ELIZONDO % 18,4 % 8,3 % 17,6 % 7,3 % 17,7 % 7,4 % 17,0 % 8,0 % 18,1 % 8,4
LEITZA % 16,1 % 8,2 % 14,2 % 7,3 % 13,2 % 7,2 % 13,9 % 6,8 % 12,9 % 7,1
LESAKA % 16,0 % 7,8 % 15,7 % 6,7 % 15,0 % 7,0 % 14,6 % 6,7 % 15,5 % 6,8

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun