Donato Larretxeari omenaldi hunkigarria egin diote Arantzan

Nerea Altzuri 2022ko abe. 5a, 09:00

Joan den larunbatean, abenduaren 3an, Euskararen eta Nafarroaren egunarekin batera, herri kirol zaleen besta eguna izan zen Arantzan. Donato Larretxea Lizardi aizkolariak, herritarren eta zaletuen merezitako beroa jaso zuen Arantzako Udalak eta Gure kirolen Klubak antolaturiko omenaldi ekitaldian.

Hagitz ttikia zela Arantzatik joan baldin baldin bazen ere, aizkolari ibilbidean herria beti presente izan du inguruan eta munduan, egindako hainbat txapelketa, desafio eta erakustaldietan. Gaur egun txapelketak utziak baldin baditu ere, irabazi dituen sarien palmaresa ez da nolanahikoa izan. Bikoteka nola bakarka, Nafarroako, Euskal Herriko eta Espainiako txapelketetan zerrenda luzea du.

Betidanik eta gaur egun ere, herritarrekin harreman estua du. Mendiko lanetan, beti aritu izan da aranztarrekin lanean eta herrian antolatu ohi diren herri kirol saioetan ere, egurra ekartzen edo bertzelako lanetan beti izaten da prest laguntzeko.

Larunbat eguerdiko eguraldi hotza epeltzeko, jendetza bildu zen frontoian prestaturiko saioarekin gozatzera.

Tartean, bere belaunaldikoak eta  gazteagoak diren 20tik goiti aizkolarik parte hartu zuten ekitaldian. Ikusle gisa ere aizkolari beteranoak ikus zitezkeen, herriko jarraitzaileekin batera. Frontoiko frontisean jarritako palkoan ziren, bertzeen artean, Miel Mindegia, Joxe Mari Olasagasti, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a edota jaialdiko une batean, bere aulkitik altxa eta enborrak ebakitzen ibili zen Floren Nazabal ere. Haien artean zen Iker Vicente ere. Nafarroako txapeldunak, min hartu zuen aste horretan bertan eta ez zuen enborrak ebakitzen parte hartzerik izan. Bi makuluak lagun, ez zuen Donatoren omenaldia galdu nahi izan eta bertan izan zen Otsagabikoa ere. 

Zubietako joaldunen hotsek zirrara sortarazi zuten hurbildutakoen barrenetan eta horrelaxe abiatu zen ekitaldia. Donato aizkolari handia, frontoi sarreran kirolariek eginiko pasillotik barna pasatzerakoan, txalo artean hartu zuen publikoak.

Manolo Arozena, Bittor Elizagoien eta Julen Zelaieta bertsolariek ere, bertso ederrekin egin zioten ongi etorria eguneko protagonistari. Ondotik, herriko txistulari diren Amaia Telletxea eta Leire Mitxelenak eta dantzaria den Oier Larretxeak aurreskua eskaini zioten Donatori.

Segidan, Beñat Mitxelena eta Imanol Lukanbio zinegotziek hartu zuten hitza. Ongi etorri eta esker hitzak izan zituzten Donatorentzat, herriarekin duen loturaz eta bere aizkolari ibilbideaz arituz, herriak beregan duen maitasuna aitortuz.

Horren ondotik, herri kirol saioek hartu zuten protagonismoa, emakume zein gizon, Donatorekin aritutako kirolariek beraien aizkora saiotxoak egin zituztelarik.

Oier eta Gari Larretxea, Nerea Sorondo, Maika Ariztegi, Xabier Orbegozo Arria V.a, Xanta Sousa, Xabier Zaldua, Ugaitz Mugertza, Leire Astiazaran... ez ziren guti izan jaialdian parte hartu zuten aizkolariak. 

Ostolaza eta Izetaren eskolako emakume eta gizon, harri altxatzaileek ere Beraien erakustaldiak egin zituzten.

Momentu hunkigarriak ere bizitu ziren. Etxekoek, alaba Nereak eta bilobak bere aitzinean eskainitako hitzekin; eta baita Hasier ilobak eskainitako hitzengatik ere, Madrilen bizi den idazleak, fisikoki bertan ez egon arren, presente egon nahi baitzuen ekitaldian.

Ekitaldiaren akabaila, bertsoz eta merezitako oroigarriak emanez jantzi zen.

Tartean, udalak, herritarren izenean 'Mila Esker Donato' hitzak irakur zitezkeen koadro eder bat oparitu zion, bere argazkia herriko parajeak gibelean zituela. Udalak ez ezik, Oronozko Gure Kirolen Klubak, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak, Bizkaiko Herri Kirol Federazioak  eta Egur Sportek ere hainbat opari eman zizkioten Donatori.

Oparien artean jaso zuen txapela buruan zuela, Donatok berak ere esker hitzak izan zituen denentzat.

Ondotik, ia 200 lagun bildu ziren plazan paratutako karpan, berogailua lagun, armonia ederrean mahaiaren inguruan bazkaltzeko. Bazkari goxoak, Manolo Arozena, Bittor Elizagoien eta Julen Zelaietaren bertsoek, Beñat eta Andoni Mitxelenaren eta Txamukoseko kantari ohi Fernanen musikak, umore ederrean, karpan eta ondotik, gorapean, dantzan eta giro ezin hobean borobildu zuten eguna. 

Larunbatean aditu genuen bertso batek zioen bezala, Donatok bere historia idatzi du aizkoraren orrietan.

Larunbateko eguna ere betirako geldituko da herriaren historian.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun