Herri kirolekin, eta bereziki aizkorarekin lotua dago Donato Larretxearen bizitza. 18 urte zituela atera zen plazara lehenengoz Elizondon, eta geroztik txapelketa nagusi denetan lortu du zapela, eta apustu parrasta ere eginak ditu Arantzako aizkolariak. Larunbatean sorterrian, eginen diote omenaldia. 12:00etan herri kirol saioa izanen da frontoian, eta ondotik, 14:30ean herri bazkaria plazan musikariek eta bertsolariek alaituta. Omenaldi bezperatan elkartu da Larretxea TTIPI-TTAPArekin aizkoran egindako ibilbideaz eta urte hauetan guztietan bizitakoaz solastatzeko.
Arantzan sortua, eta gazterik mugitu zineten Almandozera. Nolako gaztaroa oroitzen duzu?
Bi urterekin joan nintzen Almandozera. Ez dut Arantzako gaztetako batere oroitzapenik, denak Almandozkoak dira. Bi urterekin ailegatu nintzen, eta 20 urte arte egon nintzen han. Umezaro nahiko gogorra izan genuen, herritik ordubeteko bidean bizi ginen, eskolarako eta denetarako. Erosketak egitera astean behin joaten ginen oinez, hagitz desberdina zen gaur egunekoa ikusita.
Eta tartean aizkora, nolatan hasi zinen aizkoran?
Gazterikan hasi nintzen. Anaiak eta afizioa bazuten, eta horiekin batera joaten ginen mendira, eta mendian arbolak bota eta han aritzen ginen entrenatzen. Ni plazan hasi nintzen 18 urterekin, ordura arte ez nintzen plazaratu. Orduan irabazi nuen lehendabiziko txapela, gazte mailakoa, Donostian, eta orduan hasi nintzen txapelketatan, eta afizioa mugitzen.
Nola oroitzen duzu lehenengo plaza hori?
Kasualitatez izan zen. Anaia zen Elizondon aritu beharra, Patxi, eta hark mina hartu zuen, eta hark erran zidan nik joan beharko nuela. Ni aritua bai, baina gutti aritua nintzen, eta lan puska bat zen. Joan nintzen eta behintzat ez nintzen azkena gelditu.
Urte berean jokatu zenuen lehen apustua Donezteben Barberiaren kontra.
Lehendabiziko plaza Elizondon izan zen Santiagotan, eta urte berean San Tomasetan Donostian irabazi nuen Euskadiko Gazte Mailakoa. Hortik sortu zen apustua egiteko aukera Donezteben Barberiaren kontra. Hori izan zen lehendabizikoa.
«Apustua da bi lagun leihatzeko modurik zuzenena»
Geroztik apustu aunitz egina zara. Zergatik gustatu izan zaizkizu hainbertze apustuak?
Beno, apustuak bi lagun lehiatzeko modurik zuzenena dira. Biak pasatzen gara enbor berdinetatik eta hor nahiko berdindua izaten da egur kontua. Baina txapelketa batean sei lagun izaten gara, sei lote, eta hor ez da egurrarekin hain berdintasun ona izaten. Apustuan enbor beretik pasa, eta berdintzen da pertsonen indarra. Gustatu izan zait. Garai hartan irratitik entzuten genuen Baserri zena apustuei buruz solastatzen, eta pentsa, azkenean neroni ere ibili naiz urte pila batean horretan.
Urte batzuk beranduago, 1985an egin zenuen Olasagastiren kontrako apustu ezaguna
Beno, lehenagotik ere egin nituen txapelketak eta apustuak ere. Euskadi mailan 1984an bigarren postua egin nuen, lanetik bueltan jokatuta. Ia irabazi nuen, ez nuen irabazi ez nekielako korteak bukatzen, eta denbora pasatzen nuen. Bertzela irabazia nuen. 1985an ere berdin gertatu zen, eta 1986an apustua egin nuen Mindegiarekin, eta 1989an Olasagastiren kontra.
Nolatan onartu zenuen hori? Lan berezia zen, aizkoraz aparte ere.
1985ean izan zen hori. 125 kiloko harri kubikoari 50 altxaldi eman, sei oinbiko moztu eta sei kilometro lasterka. Apustu zakarra izan zen. Geroztik apustu gogor aunitz egin ditut, baina lan bakarrean. Hori pertsonentzako hagitz gogorra zen, eta aunitz sufritu nuen prestatzen. Baina ongi atera zen, eta gustura gelditu nintzen.
Ondotik bertze hiru apustu ere jokatu zenituen bere kontra, eta denak irabazi.
Bai, lau egin ditugu, eta denak irabazi. Hurrengoa izan zen 1989an, orduan ere lana izugarri haundia zen: 20 kanaerdiko eta 8 laurogei ontzako. Nik 115 minutu pasa nituen, eta berak 122. Urte hartan berean jokatu nuen Mindegiaren kontra abenduaren 24an Tolosan bertze apustu bat. Urtero txapelketak izaten nituen, baina tartean bi utzi nituen jokatu gabe 1993an eta 1999an. Arrospiderekin ere egin nuen apustua 1993an, eta ordua ez nenbilen ongi gerritik, eta berak irabazi zidan. Ordurako ebakuntza egina nuen.
Sufritu izan duzu aunitz gerritik?
Bolada batean ikaragarri. Ez dakit zergatik, aunitz behartzen nuelako edo, baina okertuta egoten nintzen aunitzetan.
Baina hala ere beti itzuli izan zara lehiara.
Bai, beti. Gu kaskagogorrak izan gara. Aunitzek erraten ziguten uzteko, baina, harra beti buruan izaten genuen.
2009an Mindegiarekin aritu zinen bere azken apustuan. Berezia izanen zen?
Bai, bai. 20 enbor 60 ontzakotara egin genuen. Badakizu nor izan den bera! Eta 2015ean Arria V.-aren kontra egin nuen azkena.
Eta nola oroitzen duzu hura?
Oraintxe izan balitz bezala. Apustu gogorra joan zen, hasieratik aurretik joan nintzen. Ni egur hobeagoak mozten, bera gogorragoak, han izan zen gorabehera pixka bat, baina, azkenean aurrera atera nintzen. Sasoiko zegoen hura, nik, berriz, 55 urte nituen.
Ez duzu bertze apusturik hartzeko gogorik?
Ez, ez du merezi hainbertze sufritzerik. Apustu bat egiten baduzu egin behar da prestatu ongi, eta sufritu egin behar da. Nik ez dut behin ere beldurrik izan sufritzeko, baina, prestatu egin behar da eta denbora hartu. Adin honekin hasteak ez du merezi.
«Aizkorari eskerrak ezagutu dut kanpoko berri»
Desafioez aparte. Urte aunitzez ibili zara herriz herri aizkoran. Garai polita izanen zen.
Hori zen politena aizkora munduan. Txapelketetan ibiltzen bazinen aurrera samar, herri guztietatik deitzen gintuzten, eta udan erakustaldi aunitz egiten genituen. Paliza dezentekoa zen, baina, gustura ibiltzen ginen.42 urte pasatu ditut aizkoran. Eta bolada batean aunitz aritzen ginen, 100 eta gehiago erakustaldi egiten genituen. 1986an, Bizkaian bakarrik 46 erakustaldi egin genituen, eta denera 100 eta gehiago. Ibilera gogorrak egiten genituen. Larunbatean bi erakustaldi egin, eta hurrengo egunean hiru, eta astelehenean lanera. Oroitzen naiz behin goizean Irunen, arratsaldean Kantabriako mugan, Lanestosan eta iluntzean Lezaunen. Pentsa zer kilometro pila! Eta han afaldu, juerga pixka bat egin eta biharamunean Huescara lanera.
Izan ere, beti segitu izan duzu lanean.
Mendi lanean aritu naiz beti, hasieran besteentzako lanean eta azken 30 urteetan edo gehiagotan nire enpresa propioan. Beti ibili izan gara borrokan, baina gustatu zaigulako. Nik ere hobe nuen beharbada fabrikan sartu kirola errazago egiteko. Fabrikan zortzi ordu egin, eta goizean edo arratsaldean baduzu kirola egiteko modua, baina gu mendian ari ginean egun osoan, eta aunitzetan han bertan entrenatzen genuen. Pistan arbola zaharren bat paratu eta han aritzen ginen. Orain, jendea aritzen den bezala etxean dena prestatuta… Horretan aldatu da aunitz aizkolaritza. Gu bezala ibili beharko balute orain dabiltzan aizkolariek, ai ama! Dena egiteko jarriak ginen, astoak bezala.
Aizkolari aunitzekin aritua zara, baita tartean iloba eta semearekin ere. Berezia izan da hori zuretzako?
2008an aritu nintzen Oihan semearekin. Ilobarekin plazan lehiaketan ofizialki ez naiz aritu, baina semearekin bai bi urtez segidan. Bat irabazi genuen, eta bertzea gutigatik galdu. Etxean segitzea polita da. Oihanek bastante egiten zuen aizkoran orduan, baina, geroztik ez du segitu. Badu klasea eta gaia, baina segitu egin behar da. Baina, dena ezin da egin, lana, familia… Denbora behar da denerako.
Zein izan dituzu aizkoran maisu zure ibilbidean?
Hasi nintzenean, Donamariako aizkolari zahar bat nuen irakasle, aspaldian hila dena, Mariñelarena. Donostian eta gazte mailako lehiaketetan hasi nintzenean berarekin aritzen nintzen. Gero, izan zen Mendizabal, hark erakutsi zidan bidea. Prestaketa nola egin, nola jan eta hori dena berriz Leon Albeniz Iruntxiberrirekin egin izan dut. Azken 30 urtetan ibili da nirekin.
«Herriz herri ibiltzea da aizkora munduaren politena»
Herritarren omenaldia jasoko duzu orain. Nola jaso duzu sorterriak omenaldia egitea?
Ez nuen espero. Sumatu nuen ari zirela zerbait prestatzen, eta nabaritu nuen zerbait inguruan. Azkenean ailegatu da eguna, eta pasa beharko da. Nitaz oroitzea nahikoa egiten dute. Ni Arantzan gutxi bizi izan nintzen, baina orain aunitz ibiltzen naiz.
Zu zeroni ere ariko zara zure omenaldian aizkoran?
Bai, enbor bat mozteko ez da problemarik. Pentsatzen dut aizkolari mordoa etorriko dela, eta denentzako ez da lan haundirik jarriko.
Nola ikusten duzu aizkolaritza?
Nahiko bizirik dago, bada jende gazte dezente aizkoran ari dena. Egondu da askoz ere motelago urte batzuetan. Bengoak ere aunitz mugitu du bere torneoekin eta. Orain bereizkuntza dago Sherpa.ai eta hemengo aizkolariekin eta hori ez dut sobera ongi ikusten. Aizkora mundua ez gara hainbertze jende eta berezi beharra… Diru aunitz irabaziko balitz, baina ez da hori. Afizioa duzulako egiten da, ez dirutza ateratzeko. Diru pixka bat atera daiteke, baina, puntan ibili behar da, eta torneo guztiak harrapatu. Eta urtearen azkenean egiten da diru multzo bat, baina kapritxoetarako.
Zure ustez zaila da aizkoratik bizitzea?
Bai. Gaztea zarenean bizi eginen zara, baina zerbait gehiago egin nahi izaten da. Nik lanean segitu dut, eta apustuak nituenean uzten nuen pixka bat bazterrean lana, apusturako prestaketa egiteko. Baina, aizkorarekin bakarrik biziko zara urte batzuetan, baina…
Pasa dira urte batzuk aizkoran hasi zinela Nola aldatu da aizkora denbora honetan?
Aizkorak aldatu dira. Ordurako Australiatik ekarritakoak hasiak ziren, ni zaharrekin hasi nintzen pixka bat, eta gero Australiakoekin hasi nintzen. Horrek aldaketa haundi samarra ekarri zuen. Prestakuntzan, lehenagoko aizkolarietatik aunitz aldatu zen, eta orain ikusten dut gure belaunalditik gaur egungoetara prestaketa diferentea dutela. Jendea ongi prestatzen da. Gaur egun crossfit eta gimnasioak eta modan daude, eta nik ez ditut sekula ukitu. Ni mendian ibili egiten nintzen aunitz, ona zen eta gustatzen zitzaidan. Ibiltzen nintzen ordu pare bat ahalik eta gehiena emanez eta gainerakoan aizkoran. Hiru saio aizkoran, eta hiru mendian eta gimnasia pixka bat egiten.
Eta janaria?
Erreparatzen nion, Iruntxiberrik paratu zidan dieta nola egin behar zen, eta pixka bat begiratzen nion dietari. Baina gustatu izan zait jatea. Dietak eragin haundia du kirolean.
Emakumeak ere badabiltza indartsu orain aizkoran.
Ni hasi nintzenenean ez zen inor ere. Tartean Kristina Saralegi aritzen zen, elkarrekin eta aritu izan ginen txanda librean. Orain aunitzez ere gehiago daude, eta nahiko ongi ari direnak, eta harriarekin ere bai. Ikusten da prestatuta daudela.
Zer eman dizu zuri aizkorak?
Ni aizkorarik gabe ez nintzen mugituko hemendik. Mundua ere ezagutu genuen, hemendik kanpora atzerrian ere ibiltzen ginen. Nik aizkorari esker ezagutu dut kanpoko berri. Ameriketara eta aizkoraren bidez joan naiz, ez oporretara. Ibili naiz Europa guztian barrena, zortzi aldiz Ameriketako Estatu Batuetan, Espainia ia denean… Ikusi dut jendea nola bizi den, eta begiak ireki dizkit pixka bat. Eta aizkorari esker egun ederrak pasa ditut lagunen artean.
Eta zerbait kendu ote dizu?
Tarteka bai. Bestak nonbait izan, eta zuk hurrengo egunean aizkora saioren bat. Hori da kirolak duena, lotua da. Nik ez dut hala ere horrengatik sufritu. Ni gustura aritu izan naiz.
Zein da aizkoraz duzun oroitzapen politena?
Hainbertze torneotan parte hartu dut, hainbertze apustu egin ditut… Apustu egun onak izan ditut, Mindegiari irabazi nionean, Olasagastiri, txapelketak irabazi ditudanean, torneotan… Leku aunitzetan gozatu dut.
MOTZEAN
|