Gaztainei buruzko jardunaldia eginen dute urriaren 11n Arantzan

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 6a, 19:00
Arantzako Udalak bertako gaztaina berreskuratzeko proiektua hasia du. Horren harira, hainbat saio egin dituzte.

Gaztaina etorkizuneko zuhaiztzat hartzeko momentua dela iritzita, gaztainei buruzko topaketa antolatu dute Foresna-Zurgaia Nafarroako Baso Elkarteak, Nafarroako Gobernuak eta Arantzako Udalak. Heldu den asteartean, urriaren 11n, hainbat aditurekin hitzaldiak izanen dira, eta horrez gain, gaztainondoen landaketetara bisita ere eginen dute.

Gaztaina eskualde atlantikoan izenburupean eginen dute topaketa. Gaztainak duen balioa aitortu nahi dute gisa honetara. Goizez hitzaldiak eginen dituzte Aterpeko aretoan eta arratsaldean bisita gidatua.

Egitaraua
  • 09:30en Fermin Olabe Nafarroako Gobernuko Baso eta Ehiza Zerbitzuko zuzendariak topaketari hasiera emanen dio.
  • 09:45ean Pablo Linares adituak gaztainaren gaur egungo egoera eta bere komertzializazioa aztertuko ditu.
  • 10:15ean Roberto Rubiok (Cesefor) gaztainaren etorkizunaz solasaldia emanen du.
  • 10:45ean Susana Martinezen eskutik (Siero Lam S.A) gaztainak egurraren ekoizpenean duen garrantziari buruzko hitzaldia izanen da.
  • 11:15ean kafea hartzeko tartea hartuko dute.
  • 11:30ean Efren Martinezek (Agrocastanea mintegia) landatzeko eta merkatuaren eskaerari erantzuteko argibideak emanen ditu.
  • 12:00etan Mikel Diaz Oses Nafarroako Gobernuko teknikariak Nafarroan dauden gaztainak berreskuratzeko esperientzien eta politiken berri emanen du.
  • 12:40an Marta Ciordia eta Ana Gonzalez (Serida) plagez eta eritasunez ariko dira.
  • 14:30ean bazkaria izanen dute.
  • 16:00etan Jose Mari Alzuart Nafarroako Gobernuko basozainak, Mikel Diaz Osesek eta Efren Martin teknikariak gidatuta, Arantzako Argatsoro parajeko gaztainen landaketa guneetara bisita eginen dute.
Izen ematea

Topaketan parte hartzeko aitzinetik izena eman behar da, 948 15 15 01era deituz edo foresna@foresna.org helbidera mezua bidaliz.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun