Bertako gaztainaren balioa aitortzeko lanean

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 25a, 07:00

Imanol Lukanbio Arantzako Udaleko mendi zinegotzia –ezkerrean– eta Dabid Iturria Arantzako alkatea –eskuinean– eskolako haurrek egindako landaketan.

Herriko gaztaina barietateak berreskuratzeko proiektuarekin aitzinera segitzen du Arantzako Udalak. Herritarrek gaztainondoak txertatzen ikasteko egin dituzten saioek erantzun ona izan dute eta horrez gain, probarako eremu bat egokitu dute.

Herriko gaztaina barietateak ez galtzea eta identifikatuak izatea. Horixe izan zen Arantzako Udalak esku artean duen proiektuaren abiapuntua, baina Dabid Iturria alkateak dioenez, «gauza batek bertzea ekarri du» eta azkenean haratago joan dira. Bertzeak bertze, herritarrekin ikastaroak paratu dituzte martxan eta horrekin batera, probak egiteko eremu bat egokitu dute gaztainondoekin. 

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak egin zien lehenbiziko proposamena. Bertako gaztainak berreskuratzeko asmoz, Nafarroa mailan gaztainak aztertzen ari dira, eta Imanol Lukanbio Arantzako mendi zinegotziaren arabera, «Nafarroa mailan gaztaina gehien kontserbatu dituen herria Arantza dela ikusita, Mikel Diaz Ingurumen Departamentuko basoak kudeatzeko zerbitzuko teknikariak Arabako Apilaiz herrian egin duten proiektua Arantzan martxan paratzea proposatu zigun». Gobernuaren gonbitak herritarren eskaerarekin bat egin zuen: «Aunitzek erraten ziguten gaztainarekin kezkatuak zeudela, txertatzen saiatzen zirela baina ez zietela hartzen, gustura eginen luketela ikastaroren bat...».  

«Gaztainondoa landatzen dugunetik fruta ematen duen momentura arteko prozesuan egin beharreko guzia azaltzen digu»

Imanol LUKANBIO, Arantzako zinegotzia

Eta bateko eta bertzeko eskaerak bat eginda, Efren Martin adituarengana jo zuen udalak: «Efreni proiektu bat eskatu genion eta hiru urteko egitasmoa aurkeztu zigun», dio Iturriak. 2020ko urrian aurkeztu zuten, eta geroztik bertze lau saio egin dituzte, bakoitza bi egunekoa. Egun batean, Martin Nafarroako Gobernuko teknikariekin eta udal ordezkariekin bildu izan da, eta bertzean herritarrekin eta gaian interesa dutenekin ikastaroa izan dute. 
 Alderdi teorikoa eta praktikoa landu duten saioak izan dira, eta Lukanbioren hitzetan, «gaztainondoa landatzen dugunetik fruta ematen duen momentura arteko prozesuan egin beharreko guzia azaltzen digu: txertaketa motak, diferenteak baitira udaberrian eta udan egiten diren txertaketak; mentuak nola hartu, kimaketa lanak; zainketa lanak; gaitzak ez hartzeko edo guttiago jotzeko zer egin... Garai batean egiten zuten lana da, denborarekin alde batera utzi duguna».

Adar begiko txertaketa.

Gaztainondoa koroa teknikarekin txertatua.

Ingeles estiloko txertaketa.

Gaztainadien abandonua

Bertze lezio bat ere eman die Martinek: «Txipa aldatzeko erran digu» erran du alkateak, hau da, «gaztainei buruz dugun ikuspuntua aldatzeko. Tinta eta txankro gaitzak hor daude, baina Efrenen ustez, neurri haundi batean gaztainondoa alde batera utzi dugulako garatu dira gaitzak, ez direlako behar bezala zaindu. Zuhaitza bera gaitzak garaitzeko gai dela erraten du». Lukanbiok ere bide beretik jo du: «Ez dira sagarrondoak bezalakoak, ez dituzte sagarrondoek behar dituzten zainketak behar, baina ezin ditugu pagadi bat bezala utzi. Gaztainondoak bere zaintza lanak behar ditu, kimaketak, garbiketak... 90eko hamarkadan gaitzak gogor jo zituen gaztainondoak, eta aunitz galdu ziren. Baina, gaur egun, gaitzen aldetik egoera ez da hain txarra txarra. Badira bizpahiru gaitz eta plaga batzuk, baina arazorik haundiena gaztainadien abandonua izan da». 

«Badira bizpahiru gaitz eta plaga batzuk, baina arazorik haundiena gaztainadien abandonua izan da»

Imanol LUKANBIO, Arantzako zinegotzia

Aterabide ekonomiko

Ikastaro hauen bitartez, gaztaina aterabide ekonomikoa izan daitekeela ere ikusi dute:  «Ez genekizkien gauzak azaldu dizkigu; konparazio batera, gaztainak zein aterabide dituen. Frutak berak eskaera handia du, Euskal Herrian eta estatu mailan kontsumitzen denetik hagitz gutti produzitzen da bertan. Horrez gain,  gozogintzan gaztainaren irina hagitz preziatua omen da, gaztaina elikagai energetiko bezala ere merkaturatzen dute, garagardoak egiteko erabiltzen dute, eztia egiteko... Aterabide andana ditu», dio alkateak. «Efrenek bere jakituria erakusten digu eta norbaitek probestu nahi badu hor du».

«Gaztainak aterabide andana ditu»

Dabid ITURRIA, Arantzako alkatea

Horren harira, zenbait tokitan despopulazioaren aurkako bitarteko eraginkorra izan dela azpimarratu nahi izan du Lukanbiok: «Extremaduran, adibidez, gaztainaren bidez  biztanleria finkatzea lortu dute. Bizitzeko bertze aukerarik ez dagoen tokietan, gaztainarekin egin dute aitzinera. Oraingoz, hemen baditugu bertze aukerak, igual ez dugu horrenbertzeko beharrik, baina norbaitentzat aukera bat izan daiteke, edo egiten duenaren osagarri». Extremaduran ez ezik, Galizian edo Gaztela eta Leonen ere diru iturri omen da gaztaina.  

Denboran gibelera eginez, gaztainak izan duen itzala ere agerian utzi nahi du Arantzako Udalak. Iturriak eta Lukanbiok oroitarazi dutenez, «datu zehatzik ez dugu, baina aitzinakoengandik jakin dugu Arantzan gaztainak garrantzi haundia zuela; idatziz ere hartu dugu». Horren oinarrian, 1988an Basartea enpresako Jesus Garitacelaya teknikariak gaztainari buruz egindako ikerketa dago. «Ikerketa horretan, elkarrizketa batzuk egin zituen, tartean, Atanborda baserriko Cipriano Goñiri. Elkarrizketa hartan Ciprianok erraten zuen urrian gaztainekin bi jornal ateratzen zituztela. Garai batean, baserri guzietan saldu edo trukerako erabiltzen zuten gaztaina. Diru sarrera ona zen. Efrenen hitzetan, hamar urteko epean urteko eta hektareako 3.000 euro atera daitezke».  

12 barietate

1988ko ikerketa berean gaztainaren hamabi barietate identifikatu zituzten Arantzan: sanmigela, txerta zuria, gaztain goxua, porkaltsa, roketarra, txerta gorria, morkots latza, lesakarra, anboltsa edo danbolatsa, meauregorria, sarobia eta sanmartina. Gaur egun, ordea, barietate horietatik zazpi baino ez dituzte berreskuratu: «anboltsa, sanmigela,  porkaltsa, roketarra, meauregorria, gaztain zuria eta lesakarra», kontatu du Lukanbiok.  «Gainerakoak igual mendian izanen dira, baina ez dugu lortu identifikatzea». 

Horiekin analisi genetikoa egin dute, «hostoak hartu eta Galiziara aztertzera bidaliz, barietate berekoak diren edo ez ikusi dugu». Baina azterketa horrek «zalantza batzuk» utzi dizkie airean: «Porkaltsa, lesakarra eta gaztain zuri barietateen zuhaitz bakarra atera da. Nafarroako Gobernuak barietate bat kontsideratzeko bi zuhaitz behar dira, eta horregatik, gobernuak barietate horien bigarren lagin bat hartzea erabaki du». Herriko etxekoek hiru barietate horiek dauden eremuak identifikatuak omen dituzte, baina herritarrei ere egin die deia zinegotziak: «porkaltsa, lesakarra eta gaztain zuri barietateak dauden gaztainadiak badirela jakinez gero, udalarekin harremanetan jar daitezela. Horien bigarren lagin bat lortuz gero, Nafarroako Gobernuak barietatetzat hartuko luke». Gehiago ere aitortu du: «Jakituria hori biltzera justu-justu ailegatu gara. Jende helduak badaki zerbait, baina ez lehenagokoek adina. Jakituria aunitz galdu da». 

«Interesgarria da herritarrak inplikatzea»

Dabid ITURRIA, Arantzako alkatea

Probarako eremua 

Argatsoro izeneko eremuan gaztainondoekin hektarea bateko «probarako landaketa eremu» bat sortu dute, eta hori «bertako gaztainak identifikatuak mantentzeko» eta «mentuak hartzeko» tokia izatea nahi dute. Zati batean, landaketak eskolako haurrek egin dituzte, zehazki patroiak edo oinak landatu dituzte, gerora bertako barietateetatik ateratako mentuak txertatzeko. «Interesgarria iruditzen baitzaigu haurrak inplikatzea, eta herritarrak tartean sartuz, etorkizunean proiektuak segida izatea», adierazi du alkateak. Eskolako neska-mutikoek egin duten landaketaz gain, bertze zati batean, «garai batean bota zen pinudian berez naturalki atera diren gaztainondoak txertatzeko probestu dugu».

Genetikoki barietate bera 

Mendi zinegotziak probarako eremu horretan egin duten eta egin nahi dutena kontatu du: «genetikoki % 100 barietate berekoa izateko bertako mentu zati bat hartu eta txertatu behar da. Gisa horretara txertotik goiti % 100 barietate hori dela ziurtatzen dugu. Frutatik heldu dena gaztainondo baten umea da, baina bertze batek polinizatutakoa da, eta beraz, nahasketa da; ezin da ziurtatu amaren barietate bera denik». 

Hala, barietate bera bermatzeko, tintarekin hondatzen ez diren gaztainondoen oinak erabili dituzte Argatsoroko lur eremuan. «Extremaduratik ekarri ditugu. Gaztainekin urte aunitzez ikerketak egin dituzte eta egurretarako onak diren, fruta ematen duten eta tinta gaitzarekin hondatzen ez diren barietateak bereizi dituzte.  Gure kasuan, tintaren kontra eraginkorrak diren barietateak landatu ditugu. Tinta gaitza zainetatik sartzen den onddoa da, eta hortaz, tinta ez zaio zainetatik sartuko». Hurrengo pausoa landatu duten gaztainondo hori moztea izanen da, «gutti goiti-beheiti metro bat eta erdiko altura emanez, azienda ibiltzen den tokira arte», eta horiei bertako barietatea txertatuko diete.  

Materiala ateratzeko

Argatsorokoa ez da Arantzan gaztainondoekin martxan duten proiektu bakarra. Bulatsegi alderdian bertze bat dute: «udalak herri lurra utzita, Nafarroako Gobernuak egurra produzitzeko gaztainondoak landatu ditu. Orain dela 40 urte Arizkunen egurra produzitzeko barietateen landaketa bat egin zuten, eta hobekien funtzionatu zuen barietate hori landatu dute.  Gobernuak bere gain hartu du proiektua osotasunean, eta gaztainak, pinuak bezala, urte guttiz kalitate oneko egurra produzitzen ahal duela eta errentagarria dela ikusi nahi dute».

«Garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek ikastea, luzera begira segida izan dezan»

Imanol LUKANBIO, Arantzako zinegotzia

Bertako gaztainak berreskuratzeko proiektuan ere eskua sartua du gobernuak. «Argatsoroko eremuaren zainketa eta prestaketa lanak gobernuak bere gain hartu ditu eta herritarrentzako ikastaroa da udalaren esku gelditu dena». Udalak gaztainondoei buruzko jakitura zabaldu nahi baitu:  «Proiektuaren helburua bertako barietateak identifikatuak izatea eta txertatzea da, baina aldi berean, garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek ikastea, luzera begira segida izan dezan. Zenbat eta jende gehiagok ikasi, biziraupena bermatuagoa izanen dugu», adierazi du Lukanbiok.

«Badago gaztainarenganako maitasuna eta lotura, jendeak badu berreskuratzeko grina»

Dabid ITURRIA, Arantzako alkatea

Uda aldera eginen dute Efren Martinekin hurrengo saioa. «Igual plantatu ditugun oinetan bertako barietateak txertatu ahal izanen ditugu. Ikusiko dugu». Orain artekoarekin behintzat gustura daude. Lukanbioren hitzetan, «jendeak hagitz ongi erantzun du. Nabari da baduela interesa. Gehienek ikastaroetan ikasitakoa etxean praktikatu dute». Eta alkateak «ikasteko ilusioa» nabarmendu du: «Badago gaztainarenganako maitasuna eta lotura, jendeak badu berreskuratzeko grina eta hagitz kontent gaude». Hortik aitzinera proiektuak segida izatea izanen da erronka, denen artean, herriko gaztainei kontu eta duten balioa aitortzeko.       

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun