Denda ttikia gelditu eta 2017an lokal handiagoa hartu zuen; «leku gehiago dauka eta errazagoa da bizikletak eta materiala erakustea, erosoagoa da bezeroentzako eta tailerrean lanean ari garenean haiekin egon gaitezke. Garrantzitsua da bezeroek egiten dugun lana ikustea». Lehen denda zuen lokala ez dago hutsik, izan ere, ariketa egiteko hainbat aparatu dituzte; «bizikleta estatikoak, korrika egiteko zintak, gimnasia egiteko makineria…».
Konponketaz gain, bizikleten salmenta eta etxez etxeko alokairua dute, «eta azken aldian bizikleta elektrikoak ere baditugu, formazio ikastaroak egin ditugu funtzionamendua ulertzeko eta eguneratuak egoteko». Azkenik, gaineratu du «gizartea eta kontsumo ohiturak aldatzen ari direla eta jendeak gero eta gehiago Internet bidez erosten duela, baina guk hurbiltasuna eta konfiantza eskaintzen ditugu, bezeroari konponbide bat emanen diogula ziurtatzen diogu».