Foruzaingoa Malerrekako bizilagun bat ikertzen ari da, Berako bestetan terraza batean suarekin eragindako kalteengatik

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 8a, 13:15

Foruzaingoaren Iparraldeko Auzibide Brigadako agenteek kalte-delitu bat egotzi diote Malerrekako 25 urteko bizilagun bati, Beran izandako sute baten ustezko autore gisa. Suteak bi ostatutako terrazako altzariak, etxe bateko fatxada eta karrikako zola kaltetu zituen.

Foruzaingoak gaur ezagutzera eman duen oharrean ageri denez, «ikertutako gazteak nahita su eman zion ostatu bateko terrazan zegoen eguzkitako bati, eta suak lokal bereko karpa, bi mahai eta lau aulki harrapatu zituen». Ondotik, sua «ondoko ostatuko terrazara zabaldu zen, eta eguzkitako bat, bi mahai eta zazpi aulki erre zituen». Gainera, suak karrikako zola ere kaltetu zuen eta bi ostatuak dauden fatxadako hodiak eta kableak. «Ostatu horietako batean dagoen segurtasun sistemak hartutako irudiei eta lekukoen adierazpenei esker, gertakarien ustezko egilea identifikatu» dute foruzainek.

Balorazio zehatzagoen faltan, «kalteen zenbatekoa 2.000 € baino gehiagokoa» dela adierazi du oharrean Foruzaingoak. Gertaeren ondotik, bai kaltetutako ostatuen jabeek, suak ukitutako etxeko bizilagunen elkarteko lehendakariak eta bai Berako alkateak salaketa jarri zuten Foruzaingoan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun