Berako besta aitzineko asteburuan txikizio larriak egin dituzte

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 1a, 10:30

Azken aldian, zoritxarrez, ohikoak diren gaiztakeriaz gain, hagitz larria izan zitekeen sutea eragin dute Uraldea karrikan

Berako udalak irmoki salatu eta arbuiatu nahi ditu, uztailaren 31ko goizaldean, herrian izandako txikizioak. «Berriz ere gertatu da. Zoritxarrez ez da lehenengo aldia» salatu du udalak, baina oraingoan oraindik larriagoa izan da, ostatu-eremuan sutea ere eragin baitute.

Berako udaletik jakinarazi dutenez, «hiru zaborrontzi Zia errekara bota dituzte, zenbait kotxeetan kalteak eragin, udal igerilekuan sartu eta txikizioak egin dituzte, eta larriena Uraldea karrikan izandako sutea izan da. Igande goizaldean Bidaxka eta Ikuilu ostatuko terrazetako toldo eta eguzkitako bat, mahai eta aulki batzuk erre dituzte oraingoan».

Zia errekara hiru zaborontzi bota dituzte.

Zenbait ibilgailutan kalteak eragin dituzte.

Hagitz ekintza larria izan da hau, Berako udalak salatu duenez: «Bizilagunei esker ondorioak ez dira larriagoak izan, beraiek izan baitira sua itzaltzera atera diren lehenak. Bera eta Oronozko suhiltzaileak ere hurbildu dira tokira».

Altzaten, Berako alde zaharrean kokatua dago Uraldea karrika, eta etxe gehienak egurrezkoak izanda, kalteak hagitzez larriagoak izaten ahal zirela ere salatu du Berako udalak.

Berako udalak ohar honekin, ostatuen jabeei ere elkartasuna adierazi nahi die, «herriko bestak hastear diren honetan, asteburu honetan izan diren ekintzak eta antzekoak ez ditugula onartzen aldarrikatu nahi dugu. Badakigu gutxiengo baten jokamoldeak direla, eta herritarren gehingoak ez duela horrela jokatzen».

Sua itzaltzera joandako bizilagunak ere eskertu nagi dituzte, «baita zaborrontziak errekatik ateratzen ibili direnak ere».

Berako udaletik, bukatzeko, horrelaxe adierazi dute: «Ez digute besta eta ongi pasatzeko gogorik kenduko, baina besta errespetuz eta elkar zainduz egin beharreko kontu bat dela iruditzen zaigu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun