Errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako besten alde lanean segituko duela adierazi du Berako udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 10a, 07:00
Elkarretaratzean parte hartu zutenei eskerrak eman eta "zero tolerantzia" jarrerari eusteko eskatu die Berako udalak.

Besten ondoko oharra karrikaratu du, ziztadak salatuz eta hauek jaso dituztenei babesa, elkartasuna eta laguntza eskainiz

Berako besten ondoko oharra argitara eman du Berako udalak. Lehenik, Berako bestetan ziztada bidezko erasoak jasan dituzten pertsona guztiei «gure babes eta elkartasunik zintzoena» helarazi nahi diete, «ezertan lagundu ahal izatekotan, gure prestutasuna adieraziz».

Berako udalak argi utzi nahi du «ez duela inolako erasorik onartuko» eta adierazi du «errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako besten alde» lanean jarraituko duela».

Horregatik, edozein eraso motaren aurrean bere gaitzespenik irmoena adierazi du eta «kalea, gaua eta besta ere denok gozatzekoak direa eta herritar guztiok horiek beldurrik gabe hartzeko eskubidea dugula» azpimarratu nahi du. Era berean, «ez gure herrian, ez bertze inon horrelakorik errepikatuko ez den itxaropenarekin berdintasunaren alde modu aktiboan» lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi du. Bukatzeko, udalak bere esker ona adierazi nahi die Barako Txosna Batzordeko kideei ortzirale gauean izandako erreakzioa azkarragatik eta erakutsitako prestutasunagatik eta bere esker onena ere, «erasoak gaitzesteko elkarretaratzean parte hartu duten herritar guztiei, erasoen aurrean zero tolerantzia jarrerari eusteko deia egiten zaielarik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun