Berako bestetan izandako ziztaden kontrako elkarretaratze jendetsua egin dute

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 8a, 07:00
Berako bestetako ziztaden kontra eta autodefentsarako deia eginez elkarretaratzea egin zuten larunbat arratsean Beran.

Berako bestetan hainbat pertsonek ziztadak salatu dituzte eta hori salatzeko elkarretaratze jendetsua egin zuten besten hondarreko egunean, larunbat arratsean, Berako Goldatz Emakume Feminista Taldeak, Berako Txosna Batzordeak, Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak eta Berako udalak deituta. «Feministok ez dugu inilako erasorik onartuko eta autodefentsarako deia egiten dugu! Kaleak ere gureak dira!» adierazi zuten.

Aitor Elexpuru alkateak jakinarazi duenez, ortzegunetik ortziralerako gauean bortz emakumek ziztadak jaso zituzten Beran eta bi salaketa ere paratu ziren. «Ez ditugu eraso hauek onartze, onartezinak dira. Erne gaude eta ez dugu inolako toleratziarik izanen» aipatu du.

Bertzalde, Berako Goldatz Emakume Feminista Taldeak, Berako Txosna Batzordeak, Berdintasuna Batzordeak eta Berako udalak honakoa argi utzi dute: «ziztadak ere erasoak dira, sustantzia kimikodunak zein sustantziarik gabekoak, eta beldurraren birprodukziorako mekanismo gisa funtzionatzen dute».

Ziztada bidezko erasoen gorakada hasi zenetik gizon ugarik ere jasan dute eraso mota hau. «Hala ere, eta hauei pisurik kentzeko inolako asmorik gabe, ukaezina da eraso hauen genero kutsua». Horregatik, «ziztada bidezko erasoak emakumeen aurkako indarkeriaren bertze forma bat direla» azpimarratzea beharrezkoa iruditzen zaie.

Herritar guztiak «zero tolerantzia» jarrerarekin bat egiteko deia egin dute, «erasoen kontrako erantzunkizun indibidual zein kolektiboa defendatuz».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun