Berako Gau Krosaren ibilbidea aldatu behar izan du Manttalek DGTren aginduz

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 29a, 08:00
Berako Gau krosak ibilbidea aldatu beharko du astelehenean.

Irteera operazioaren ordutegian dagoela dio Trafiko Zuzendaritza Nagusiak

 

Datorren astelehenean, abuztuak 1, 22:00etan hasiko den Berako XI. Gau Krosaren ibilbidea aldatu behar izan du Manttale mendi lasterketa taldeak, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) Nafarroan duen ordezkaritzak duela hilabete batzuk Manttale Mendi Lasterketa Taldeak eskatutako baimena ukatu ondotik. Zehazki, DGTk dio zirkulazioa mugatuta dagoela lasterketa eginen den egunean irteera-operazioa dela eta, uztailaren 31ko (igandea) 08:00etatik abuztuaren 1eko (astelehena) 00:00ak arte.

DGTk azaldu du lasterketa egun horietan trafiko-murrizketak dituzten errepideetan egiten dela, hala nola NA-8304 (Bidasoa karrika) eta NA-1310 (Altzate karrika eta Eztegara pasealekua) errepideetan, eta, beraz, ez du proba egiteko baimenik eman.

Manttaletik DGTrekin gestioak egin ditugu baimena lortzeko, «baina ezin zorrotzagoak izan dira».

Ordutegia edo ibilbidea aldatzaren artean aukeratu behar

DGTk bi hauek eskaini dizkie Manttaleri. Alde batetik,  lasterketaren ordua aldatzea. Lasterketa 00:00etan egiten bada, aurreikusitako ordua baino bi ordu beranduago, irteera-operazioko murrizketen ordutegitik kanpo eginen litzateke. Aukera hori, jakina, baztertu egin du Manttalek.  Bertze aukera lasterketaren ibilbidea aldatzea zen, Altzate karrika, Eztegara pasealekua eta Bidasoa karrika zeharkatu gabe. Beraz, ibilbidea aldatzea erabaki du Manttalek, eta dagoeneko zabaldu dute ibilbide berriaren mapa.  Ibilbide berriak itzineko hamar urteetan (7 kilometro eta 300 metroko desnibela) egin duten ibilbidearen distantzia eta desnibel ahalik eta berdinena ditu. 

Ibilbide berria ezagutu nahi dutenek gaur egin dezakete, 21:45ean, Altzate plazan, antolatu duten elkarretaratzean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun