Ortziralean, uztailaren 29an, Kultur 2022 programaren barrenean, Hutsun+J.E.L Trio taldearen kontzertua izanen da Toki Onako patioan 19:00etan.
Larunbatean kirola izanen da eguneko protagonista. 14:30ean 4x4 autoen ikuskizuna izanen da Postan. Horren ondotik, 16:00etan hasita, kuadrillen arteko 3x3 saskibaloi txapelketa izanen da Toki Onako patioan. Parte hartzeko izen ematea ordu bete lehenago irekiko dute, eta taldeak 3-4 lagunez osatuak egon beharko dute. eta parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da.
Ordu berean, Lizuniagako tiro eremuan plater tiroa izanen da minifoso modalitatean. Berako Ehiza eta Arrantza elkarteak antolatu du, eta herriko tiratzaileek zein kanpotik etorritakoak parte hartzen ahalko dute. Iluntzean, 20:00etan Gure Txokoa Dantza Taldeak ohiko dantza jaialdia eskainiko du Eztegara pilotalekuan.
Igandean ere kirola nagusi
Igandean ere egun guziz kirola izanen da protagonista. 11:00etan kadeteetan Berako XIX. Saria txirrindularitza proba eginen dute Gure Txokoa Elkarteak antolatuta. 44 kilometro egin beharko dituzte zirkuitu bati 10 itzuli eginez. 16:00etan 3x3 modalitatean saskibaloi txapelketa izanen da eliteko mailan. Izen ematea bezperan bezala 15:00etatik aitzinera egin beharko da.
Eguna bukatzeko herri kirol jaialdia eginen dute 19:00etan Eztegara pilotalekuan. Nafarroako Herriz Herri txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute. Maila absolutuko bigarren jardunaldia izanen da, eta , Arraioz, Arantza, Sunbilla eta Goizueta ariko dira. Ondorengo probak egin beharko dituzte: lokotx biltzea, zakua eramatea, aizkora, korrika, arpana, txinga eramatea eta ingude altxatzea. Herriko lau kirolarik hartuko dute parte proba konbinatuan, hiruk Arantzako taldearekin, eta laugarrenak Sunbillarekin.
Astelehenean, aldiz, VIII. Gau Krosa jokatuko dute 22:00etan. Internet bidezko izen ematea dagoeneko irekia dago, eta igandera bitartean egiten ahal da. Egunean bertan ere izena emateko aukera izanen da.