Joan den asteburuan abiatu zen Beti Gazte Astearen barrenean azkeneko ekitaldiak izanen dira ekaineko lehen asteburu honetan Lesakan.
Ekainaren 3an, ortziralean 16:30ean, eskola futbola izanen dute Mastegin eta 19:00etan mahai joko txapelketen finalak Beheko Plazan.
Beti Gazteko jubenilek euskal ligara igotzeko aukera larunbat goizean
Ekainaren 4an, larunbatean 08:00etan mendi irteera izanen da. Goizean helduen arteko txapelketak jokatzekoak ziren, baina ezustean, Beti Gazteko jubenilen taldeak euskal ligara igotzeko aukera izanen du. Izan ere, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian ohorezko gazte mailako txapeldunorde gelditu diren taldeek mailaz igotzeko triangularra jokatuko dute eta, zozketaz, Mastegin jokatzea egokitu da. Honela, 10:30ean Beti Gazte (Gipuzkoako txapeldunordea) Iru-Bat Santa Luciaren kontra (Arabako txapeldunordea) ariko da. 11:30ean partida hau galtzen duenak Loiola Indautxuren kontra jokatuko du (Bizkaiko txapeldunordea) eta, azkenik, 12:30ean, lehen partidako irabazlea eta Loiola Indautxu ariko dira elkarren kontra. Triangularra irabazten duenak izanen du euskal ligan jokatzeko aukera. 12:00etan erraldoi konpartsa aterako da Elutxa txarangarekin. 14:00etan bazkari herrikoia. 18:00etan Bortziriak dantzan Mutxiko taldea plazan Jaiki Handi taldearekin eta 20:00etan musika Plaza Zaharrean.
Margolariak, argazkilariak eta dantzariak igandean
Ekainaren 5ean, igandean, argazkilariak eta margolariak ikusiko ditugu herriko txokoetan. Alde batetik, Elias Garralda IX. Margo Azkarreko lehiaketa antolatu du Beti Gaztek, udalarekin eta Lesakako Zerbitzuen Elkartearekin elkarlanean. Lehenbiziko saria 700 eurokoa izanen da, bigarrena 350 eurokoa eta herritar baten margolan onenak 150 euro jasoko ditu. Haur Margolarien Eguna ere izanen da eta, adinaren arabera, hiru kategoriatan banatuko dituzte lehiaketara aurkeztuko diren haurren lanak. Maila bakoitzean margolan onena sarituko dute.
Bertzetik, VI. Argazki Rallya ere izanen da. Izen ematea 09:00etatik 10:00etara egin daiteke eta argazkiak 14:00 arte atera daitezke. Lanak aurkezteko epea ekainaren 12an bukatuko da, argazkilaritza@betigazte.net helbidean. Lau gai proposatuko dituzte eta gai bakoitzeko irabazleak 100 euro jasoko ditu, bazkide baten argazki onenak bezalaxe. Gainera, 150 euroko saria izanen da bilduma onenarentzat. Igandea borobiltzeko, 19:00etan lerro dantza taldea ariko da.
Ekainaren 6an, Elbeteko Posadako Belen Urrutiarekin sukaldaritza ikastaroa izanen dute 18:00etan Irain eskolako sukaldean. Ekainaren 12an, azkenik, Lesakako Mendi Itzulia eginen dute. Bi ibilbide proposatu dituzte aurten ere eta izena emateko hondarreko eguna ekainaren 10ª da, www.mendizmendi.com webgunean.