Maiatzaren 21ean Bergaran jokatu zuten Beti Gazteko jubenilek Gipuzkoako ohorezko mailako finala. Irabazteak euskal ligara igotzea zekarren, baina lesakarrek 0-2 galdu zuten Bergararen kontra eta honenbertzez bukatutzat emana zuten denboraldia. Baina, ustekabean, euskal ligara igotzeko bertze aukera bat izanen dute. Nonbait, euskal ligan bertze leku bat gelditu da eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jubenilen ohorezko mailako txapeldunordeek beraien artean jokatuko dute. Zozketa egin eta, gainera, Lesakako Mastegin jokatzea egokitu da, ekainaren 4an, larunbat goizean.
Honela, 45 minutuko partidak jokatuko dituzte, triangular moduan. Larunbatean 10:30ean, 11:30ean eta 12:30ean jokatuko dituzte partidak Beti Gaztek (Gipuzkoako txapeldunordea), Iru-Bat Santa Luciak (Arabako txapeldunordea) eta Loiola Indautxuk (Bizkaiko txapeldunordea). Irabazten duenak euskal ligara igotzeko aukera izanen du.