Beti Gazteren Astea ekitaldiz betea dator Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 25a, 14:00
Maiatzeko hondarreko asteburuko ekitaldien ondotik, ekaineko lehen igandean Elias Garraldaren omenez margo azkarreko bederatzigaren lehiaketa eginen dute.

Hasteko, ortzirale honetan Ezagutu Dezagun Lesaka lehiaketako sariak banatuko dituzte eta Paloma Ochoaren erakusketa irekiko da

Lesakako Beti Gazte elkarteak, Lesakako udalaren laguntzarekin, Beti Gazte Astea antolatu du eta hainbat ekitaldi prestatu ditu, maiatzeko azken eta ekaineko lehen asteburuetarako gehien bat.

  • Hasteko, maiatzaren 27an, ortziralean, 18:30ean, Ezagutu Dezagun Lesaka lehiaketako sari banaketa eginen dute Harriondoan. Egun berean hasita eta ekainaren 2ra bitarte, Paloma Ochoaren margo erakusketa ikusgai izanen da elkartearen egoitzan.
  • Maiatzaren 28an, larunbatean, 19:00etan, Beti Gazte kantari abiatuko da Zantzoneatik.
  • Maiatzaren 29an, igandean, 11:00etan, Iciar Mikelperizenarekin margo tailerra eginen dute. 19:00etan mahai-joko txapelketen hasiera Beheko Plazan. Zehazki, xake, mus eta pintxazo txapelketetako kanporaketak jokatuko dituzte. Txapelketa hauetan apuntatzeko azken eguna maiatzaren 27a izanen da eta Etxeberria, Arrano eta Koxkila ostatuetan egin daiteke. Sari ederrak izanen direla ere jakinarazi dute. 19:00etan, Mendiak 1976 dokumentalaren proiekzioa Harriondoan.

 

Ekaineko lehen asteburu emankorra

Beti Gazte Astearen barrenean azkeneko ekitaldiak ekaineko lehen asteburuan eginen dituzte.

  • Ekainaren 3an, ortziralean 16:30ean, eskola futbola izanen dute Mastegin eta 19:00etan mahai joko txapelketen finalak Beheko Plazan.
  • Ekainaren 4an, larunbatean 08:00etan mendi irteera izanen da plazatik. 10:00etan futbol talde nagusien txapelketak. 12:00etan erraldoi konpartsa aterako da Elutxa txarangarekin. 14:00etan bazkari herrikoia Beheko Plazan. Bazkarirako txartelak ekainaren 1a bitarte salgai daude Koxkila ostatuan, Telletxea liburu-dendan, Izarra okindegian eta Etxeberria ostatuan. Prezio orokorra 30 eurokoa da eta fitxa duten futbolari eta tiralariek 15 euro ordainduko dute. 18:00etan Bortziriak dantzan Muxikoak Plaza Zaharrean eta 20:00etan musika Plaza Zaharrean.

Argazki Rallya eta Margo lehiaketa azkarra ekainaren 5ean

Ekainaren 5ean, igandean, argazkilariak eta margolariak ikusiko ditugu herriko txokoetan. Alde batetik, Elias Garralda IX. Margo Azkarreko lehiaketa antolatu du Beti Gaztek, udalarekin eta Lesakako Zerbitzuen Elkartearekin elkarlanean. Lehenbiziko saria 700 eurokoa izanen da, bigarrena 350 eurokoa eta herritar baten margolan onenak 150 euro jasoko ditu. Haur Margolarien Eguna ere izanen da eta, adinaren arabera, hiru kategoriatan banatuko dituzte lehiaketara aurkeztuko diren haurren lanak. Maila bakoitzean margolan onena sarituko dute. Sari banaketa 18:00etan eginen dute.

Bertzetik VI. Argazki rally-a ere izanen da. Izen-ematea 09:00etatik 10:00etara egin daiteke eta argazkiak 14:00 arte atera daitezke. Lanak aurkezteko epea ekainaren 12an bukatuko da, argazkilaritza@betigazte.net helbidean. Lau gai proposatuko dituzte eta gai bakoitzeko irabazleak 100 euro jasoko ditu, bazkide baten argazki onenak bezalaxe. Gainera, 150 euroko saria izanen da bilduma onenarentzat. Igandea borobiltzeko, 19:00etan lerro dantza taldea ariko da.

Ekainaren 6an eta 13an, 18:00etan sukaldaritza tailerra eginen dute Irain eskolako sukaldean.

Beti Gazteren Astetik kanpo, Lesakako Mendi Itzulia ere antolatu du Beti Gaztek ekainaren 12an.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun