Artxiboko irudiak

Lesakako Irain eskolan Teleskola nola grabatzen zuten erakutsi ziguten 2000. urteko ikasturte akaberan

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 30a, 09:00

Urte aunitzez landu izan zuten Teleskola egitasmoa Lesakako Irain eskolan. Urtearen buruan eskolako jarduera bereziak bideoz hartzen zituzten eta, horiekin, ikasturte akaberan telesaio bat osatzen zuten. Magazine horretan ikasgela bakoitzak bazuen bere tartea, Haur Hezkuntzakoetatik hasi eta zaharrenetaraino, ikasturtean egindakoa erakusteko. 

Antzerako proiektu bat izan zuten Leitzako eskolan ere. Bi kasuetan, irakasle klaustro ia osoak parte hartu ohi zuen, eta batzuetan baita atezainak, sukaldariak edo gurasoek ere.

Prozesu osoa ikasleek egiten zuten: gidoia prestatu, kamerarekin grabatu, agertokia prestatu  eta azkenean bideoa muntatu. Baina potoloena, telebistako estudioa nola antolatzen zuten ikustea izaten zen; bik aurkezle papera egiten zuten, bertze batek erregidore lana, grabatzeko hiru kamera erabiltzen zituzten, nahasketa mahaiaz bertze ikasle bat arduratzen zen... Azkenean, Teleskola zuzenean ematen zuten liburutegiko pantailan, eta gurasoek zein gonbidatutako jendeak ikusten zuen urtean osoan zertan aritu ziren etxeko Hitchcock ttikiak. Borobiltzeko, Teleskolako grabazioa Ttipi-Ttapa telebistan emititzen zuten.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun