Nafarroako frontball txapelketaren finalak jokatu zuten apirilaren 13an Asiaingo Mostazulo pilotalekuan. Gizonezkoetan, Oberenako bi pilotari izan ziren aurrez aurre finalean eta Joseba Aldabe igantziarrak irabazi zion Yaniz taldekideari (10-4 eta 10-6). Emakumezkoetan, Ados pilota elkarteko bi pilotari izan ziren finalean eta berdinduagoa suertatu zen, hirugarren jokoa ere behar izan baitzuten. Azkenean, Maite Ruiz de Larramendik irabazi zion Aldaregiari (10-4, 7-10 eta 5-0).
Joseba Aldabe igantziarrak hiru txapel jantzi ditu azken asteetan. Oian Canabal igantziarrarekin batera, klub arteko Espainiako txapelketa (martxoaren 27an Labriten) eta Erregearen Kopa (apirilaren 10ean Labriten) irabazi ditu binaka eta orain, Nafarroako frontball txapelketa, buruz buru.