Joan den asteazkenean, martxoaren 30ean, adiskidetze ekitaldian izan zinen. Zein balorazio eginen zenuke?
Bi kontu nabarmenduko nituzke. Alde batetik, adiskidetze ekitaldia pauso formal bat baino ez zen, irainengatik eta kalumniengatik salaketa paratu aitzinetik enpresak bete behar zuena. Han izan ginen, baina ez genuen adostasunik lortu. Enpresak txostenean ageri den informazioa faltsua dela onartzea eta barkamena eskatzea eskatu zigun, eta hori onartu ez genuenez, ez zen adostasunik izan. Abokatuak bakarrik sartu ziren, eta haiek erran digutenez, enpresak salaketa egiteko asmo garbia du. Bertzetik, pozgarria izan zen epaitegiaren atarian babesa emateko hainbertze jende bildu izana. Asteazken goiz bat zen, eta jende dezente bildu zen eta hagitz kontent gaude erantzunarekin.
Adiskidetze ekitaldi horren oinarrian, hamalau eragileek iaz aurkeztutako txostena dago. Espero zenuten adiskidetze ekitaldi horretarako deia?
Ez. Ni Greenpeaceko kide bat naiz, eta joan den urtean, adibidez, desobedientzia zibila erabiliz ekintza zuzena egin genuen eta horregatik prozesu batean gaude. Horrena espero genuen. Baina kasu honetan, hainbat eragileren artean dokumentu ofizialak eta datu ofizialak bilduz txosten hau aurkeztu genuen Nafarroako Parlamentuan, agintariek leitu eta administrazioak neurriak hartzeko, Caparrosko makroetxaldea nahi duena egiten ari dela iruditzen zaigulako. Bertzerik gabe, txostenak informatzea zuen helburu, eta ez genuen horrelako ondoriorik espero.
Txostenean behitegiko irregulartasunak eta horrek ingurumenean duen eragina azaldu zenuten...
Alde batetik, enpresak dituen zigor espedienteen inguruko informazioa ageri da. Ebroko Ur Konfederazioak, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak... Hainbat erakundek enpresak ustez egin dituen lege hausteak bildu dituzte. Badira irekiak dauden prozesuak, salaketak... Horietako aunitz geldirik daude enpresak errekurtsoa aurkeztu duelako. Eta bertzetik, bertze datu aunitz bildu ditugu txostenean: makroetxaldeak sortzen dituen hondakinei buruzkoak, gorotzak zabaltzeko behar duen lur kopuruaren planari buruzkoak, Marcilla, Caparroso, Villafranca eta inguruko herrietan sortutako ingurumen kalteen ingurukoak... Batez ere uraren kalitateari buruzko informazioa da, ikusi baita 2010etik herri horietako uraren kalitatea okerrera doala etengabe.
Datu ofizialak edo datu ofizialetan oinarritutako txostenak direla adierazi duzu. Dena publikoa da hortaz?
Bai. Dokumentu aunitz administrazioek egindakoak dira, eta adibidez, uraren kalitateari lotutakoa eragileok egina da, baina Nafarroako Gobernuak bere web orrian dituen uraren kalitatearen jarraipen sareko datuekin. Nitrato neurketak gobernuaren webgunean daude, eta hor ikusten da nitrato kopurua igotzen ari dela. Txostenak 178 orrialde ditu eta zazpi bakarrik dira sarrera moduan guk idatzitakoak, nolabait ondotik heldu den dokumentazioaren interpretazioa egiten dutenak. Gainerakoa informazio ofiziala da.
Enpresak irainak eta kalumniak leporatu dizkizue...
Zazpi orrialde horietan idatzitakoa hartu dutela uste dugu. Beharbada hizkera arruntean erabiltzen ditugun adierazpenak ageri dira, zorrotz begiratzen hasita zuzenak izan ez daitezkeenak. Adibidez, irekitako zigor espedienteen inguruan isun batzuk ordaindu dituzte, bertze aunitz geldirik daude, eta horien harira, lege hauste horiek beteak diren galdetzen dugu txostenean. Hor, igual, «ustezko lege hausteak» erran behar genuen... Hori erabiliz haien izen ona zikindu dugula leporatu nahi digute. Baina zerk du indar gehiago guk idatzitako zazpi orrialde horiek edo ofizialak diren gainerako 171 orrialdeek? Datu guztiak egiak dira, eta gauzak ez direla ongi egiten ari adierazten dute. Hortaz, zer da enpresaren izen ona kaltetzen duena?
Adiskidetze ekitaldira joateko deia eginda, zuek gibelera egitea espero zuen enpresak?
Iduri duenez bai. Gure ustez, enpresaren helburua ez da guri isun ekonomikoa jartzea; haien helburua gu isilaraztea da. Neurri batean gu ikaratzea eta gibelera egitea espero zuten. Azkenean, ordea, abokatuen arteko giroa ez zen batere goxoa izan, eta prozesuarekin segitzeko intentzio garbia omen dute.
Eta hamalau eragileek elkarlanean segituko duzue?
Bai, dudarik gabe. Hamalau eragile eta hamabortz lagun gara, eta guztiak bat gatoz aitzinera segitu behar dugula erraterakoan. Neurri batean txosten bat egin eta horrelako prozesu batean sartu izanak hasiera batean ezinegona sortzen du, baina argi dugu honekin ez gaituztelako isilduko, eta aitzinera segituko dugula. Enpresak urte bat du salaketa egiteko, eta bitartean, guk lanean segituko dugu, hasierako helburuarekin; alde batetik, administrazioak Caparrosoko etxalde hau eragiten ari den kalteak ekiditeko neurriak har ditzan, eta bertzetik, Nafarroan dagoen abeltzaintza industrialaren eredua alda dadin. Egoera honek ez digu iritzia aldaraziko.
Zer espero duzue urtebeteko epean?
Ikusiko dugu. Gure asmoa ahalik eta indar gehien egitea da. Gizartea ere erantzuten ari da, eta babes handia hartzen ari gara. Ez gara hamalau katu, jende aunitz gara eredu honen kontra gaudenak. Ea horrek enpresari bi aldiz pentsarazten dion. Salaketa mantentzen badute kontuak hedabideetan segituko du, zarata sortuz, eta seguru hori ez dela sobera ona eurentzat.