Valle de Odieta enpresak iraingarritzat eta kalumniatzat jo du 2021eko irailean hamalau eragilek aurkeztutako informazioa. Floresek TTIPI-TTAPAn erran zuenez, txosten horrekin «eragileen asmoa ustiategiaren inguruan sortzen ari zen egoeraren berri ematea zen», eta «datu ofizialetan oinarritutako dokumentuak» ziren. Bada «makroetxaldeak eragiten duen kutsadurari buruz» aurkeztutako txostenagatik hamalau eragileak adiskidetze ekitaldira deitu zituen Caparrosoko behitegiaren jabea den enpresak.
Gaur egin dute adiskidetze ekitaldi hori Iruñeko epaitegian, eta hamalau eragileek Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako informazioa berretsi dute. Greenpeacek ohar bidez jakinarazi duenez, «informazioa neurri handi batean, dokumentu ofizialek edo datu ofizialen bidez egindako txostenek osatzen zuten eta ez da egokia egiazko informazioetan egindako deklarazioetan gibelera egitea». Ez dute akordiorik erdietsi Valle de Odieta enpresak eta eragileek, eta Greenpeacen hitzetan, «enpresak zehapen judizialekin segitzeko asmoa duela jakinarazi du. Urtebete du salaketa egiteko».
Epaitegiaren atarian adierazpenak egin ditu Floresek, eta honela adierazi du: «Larrialdi klimatikoaren atarian gaude, nazioarteko krisi ekonomiko bete-betean, erregai fosilen eskasia gero eta handiagoa dela eta. Ez da sekretua idorte urteak datozela. Horregatik, gure ingurunea gutti batzuen onura ekonomikorako hipotekatzea arduragabekeria tamalgarria dela uste dugu, eta, beraz, informazioa sozializatzen, sareak eraikitzen eta itxaropen eta inertzia jasangarriak dakartzaten ereduak sustatzen segituko dugu».
Hainbat herritar bildu dira epaitegiaren atarian eragileei babesa emateko.