Lurra defendatzeagatik epaitegietan

Zertan datoz bat Itoitzeko Solidarioak, Extintion Rebelion, Mugitu Mugimendukoak, Ende Gelände, Aroztak edo Greenpeace?

Batzuk lurraren defentsari lotutako tokiko herri mugimenduak dira, eta bertzeak ekologismoari lotutako eragile edo erakunde internazionalak. Nahiz helburu antzekoak izan maiz, eskala desberdinetan aritzen dira. Baina oinarrian, denek aukeratu dute desobedientzia zibila borrokarako estrategia gisa, eta denek jasaten dituzte horren ondorioak. Neurri bateraino «normala» da desobedientzia zibilari lotutako ekintzen ondotik, ondorio ekonomiko edo judizialak izatea. Azken finean, desobedientzia zibilaren oinarrian, lege urraketa kontziente bat dago, gobernuen politika edo erabakiak aldatzeko helburuz. Oro har, ekintza hauek prestatzean, izan daitezkeen ondorio ekonomiko eta legalak aurreikusten dira, baita aurre egiteko moduak ere.

Baina, azken aldian, lurra defendatzen duten bertze eragile batzuek ere prozesu judizialei aurre egin behar diete, nahiz eta desobedientzia zibila ez duten erabili. Gobernuek zein enpresek erabili duten estrategia bat da, hain zuzen euren ekintzak salatzen dituzten gizarte zibileko eragile zein pertsonak beldurtzeko erabiltzen dutena, protestak isilarazi nahian. Estrategia honi SLAPP (strategic lawsuit against public participation) deitzen zaio, euskaraz parte hartze publikoaren aurkako auzi estrategikoa. Auzi estrategiko hauek eragile boteretsuek gai publikoen inguruan irregulartasunen bat salatzen dutenak isilarazteko aurkeztutako salaketak dira. Salaketa horien biktima ohikoenak aktibistak, kazetari independenteak edo ikertzaileak dira, ezinbertzeko zaintza funtzioa betetzen dutenak.

Ba Nafarroan ez gaude salbu. Joan den irailean Nafarroako eta Soriako hainbat eragilek Caparrosoko behi ustiategiaren inguruko txosten bat eraman zuten Nafarroako Parlamentura. Eragile hauen asmoa ustiategiaren inguruan sortzen ari zen egoeraren berri ematea zen, botere politikoa duten ordezkariek beharrezko neurriak har zitzaten. Honen ondorioz, eragile horietako ordezkariak adiskidetze ekitaldi baterako hitzordua hartu dute Valle de Odietaren eskutik, Caparrosoko behitegiaren jabea den enpresaren eskutik hain zuzen. Antza denez, Valle de Odietak uste du txosten horretako informazioak bere izen ona zalantzan jarri dezakeela, eta beraz, txostenaren egileek irainak eta kalumniak egin dituztela erran eta salaketa paratu aitzinetik, hainbat herritar adiskidetze saiora deitu gaitu.

Baina kontuan hartu behar da txosten horren 178 orrialdeetatik zazpi bakarrik idatzi zituztela eragileek, eta gainontzeko 171k dokumentu ofizialak edo datu ofizialetan oinarritutako dokumentuak direla. Nola liteke hainbat eragilek idatzitako zazpi orrialde horiek enpresaren jarduerak eragindako 19 zigor espedienteak baino kaltegarriagoak izatea enpresaren izen onarentzat? Enpresak herri mugimenduak isilarazteko erabili duen estrategia da. Ez dute nahi haien jardueraren inguruko informazioa zabaltzea, balitekeelako ingurumenarentzat eta inguruko pertsonentzat kaltegarria izatea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun