210.721 euroko aurrekontua onartu du Lesakako Beti Gazte elkarteak

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 9a, 19:00

Harriondoa kultur etxean egin zuen urteko batzarra Beti Gaztek.

Beti Gazte elkarteak 210.721 euroko aurrekontua onartu du aurten, duela gutxi egindako batzarrean. Joan den urtekoarekin alderatuta, %62,4 handiagoa izanen da, izan ere, «jarduera aunitz egin behar dira eta aurten Covid-19aren eraginez bat bera ere bertan behera ez uztea espero dugu. Gainera, gogoratu behar da futbol talde nagusia lehen aldiz ari dela hirugarren mailan jokatzen eta horrek ahalegin ekonomiko handia eskatzen duela. 2021ean hori konpentsatu ahal izan dute dela Impulso23 laguntzarekin eta etxeko partiduetan sarrerekin, ostatuarekin edo errifarekin lortzen denarekin».

Aipatzekoa da 2021 urtea 1.458 bazkiderekin bukatu duela, iaz baino 143 gehiago eta inoizko kopururik handiena. Horietatik 1.133 Lesakakoak bertakoak dira, baina badira Igantzikoak (75), Etxalarkoak (63), Berakoak (45), Irungoak (31), Arantzakoak (26), Doneztebekoak (15)… Batzarrean bazkideen kuotak bere horretan mantentzea erabaki zen.

Elkartearen egoitzaren egoera ere hizpide izan zuten. Udaletxetik Alondegia eraikinarekin zer egin nahi den erabakitzeko prozesu parte-hartzailea ireki du. Beti Gaztek bertan gelditzeko borondatea dauka. Hori aipatu zen batzarrean eta prozesuan parte hartuko du elkarteak.

2021eko ekitaldi berriak

Kirolarekin eta kulturarekin lotutako ohiko ekitaldiekin batera bertze zenbait ere egin zituen iaz Beti Gaztek: herriko dantza taldeen topaketa irailean, Bortzirietako Mutxiko Topaketa maiatzean, argazkilaritza tailerra, errekaren eguna uztailean, Lesakako Bitxikeriak lehiaketa, sukaldaritza tailerra, errege opil tailerra, mahai joko txapelketa, familientzat mendi irteerak, multikirola campusa, ‘Mendian hil, hirian hil’ dokumentala… Bertze batzuk, aldiz, ezin izan zituzten gauzatu: irteera kulturala, Lesakako Mendi Lasterketa (aurten bai, igandean eginen dute hirugarren edizioa), Pirinioetara irteera, San Antonera ibilaldi arautua, Lesakako Zubigaineko krosa, mendi irteerak, Neguko multikirol campusa…

 

2022an ekitaldi gehiago

Aurten ere ekitaldi horiekin eta gehiagorekin segitzeko asmoa du Beti Gaztek. Erran bezala, igande honetan Lesakako hirugarren mendi lasterketa eginen dute eta hiru tailerretan izena emateko epea zabalik dago. Horietaz gain, sukaldaritza tailer gehiago, lehen sorospen eta desfibriladorearen erabileraren inguruko ikastaroak, ‘Mendia 1976’ dokumentalaren emisioa, Teruelera bidaia kulturala, Lesakako Bitxikeriak lehiaketako edizio gehiago, pintura tailerrak, txirrindulari gazteen topaketak eta Lesakako Mendi Itzulia antolatuko dute aurten, bertzeak bertze.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun