Ttipi Txartela

«Herri euskaldun ttiki bat nahi nuen optika irekitzeko»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 4a, 12:00

1996an ireki zuen Bea Artola irundarrak Ostargi optika Beran. Optika eta Optometria ikasi zuen unibertsitatean eta Elgoibarren, Oñatin eta hainbat herritan ibili zen lanean. Duela 26 urte erabakia hartu zuen; «herri ttiki euskaldun bat nahi nuen optika irekitzeko, eta Irundik hurbil dagoenez Berara etorri nintzen».

Ikusmenaren azterketa orokorra egiten dute Ostargin; «graduazioak, lentillak, segurtasun betaurrekoak, eguzkitako betaurrekoak… ikusmenaren zaintzarekin zerikusia duen guztia». Honez gain, «audiologia protesikoko goi mailako zikloa egin nuen duela bi urte eta audiometriako kabinetea muntatu nahiko nuke, baina hagitz zaila da espazio faltagatik. Pena ematen dit zerbitzu inportante bat izanen litzatekeelako, baina oraingoz ez dut modurik ikusten».

Jendea optikara joaten da «ongi ikusten ez dutela sumatzean, baina haurrei lehen baino gehiago begiratzen zaie orain bista, gurasoek arreta gehiago paratzen dute ikusmenean, hurbileko ikusmena aunitz erabiltzen baitute gaur egun». Hala ere, ez du «aldaketa nabarmenik» ikusi 25 urtetan, «miopea denak badaki, eta beti bezala gaizki ikusten hastean etortzen dira guregana».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun